Ia-ia edonork jakin ditzakeen gomendioak dira gehienak, baina udalak berretsi du horiek praktikan jartzea dela garrantzitsuena. Adibidez: egarririk izan gabe ere, ura etengabe edatea aholkatu du, izerdiagatik galdutako likidoa berreskuratzeko. Horren harira, adierazi du txarra dela kafeina, alkohol edo azukre gehiegi duten edariak hartzea, egarria ase ez ezik, are likido gehiago galtzea ekartzen dutelako.
Janariari dagokionez, entsaladak nabarmendu ditu: "Izerditan isuritako gatz mineralak berreskuratzen laguntzen du". Kontrara, gantz eta koipe askoko elikagaiak baztertzea gomendatu du.
Etxea aireztatu
Bizitokia behar baino gehiago berotu ez dadin, tenperatura baxuenetako uneak baliatzea galdegin die udalak herritarrei, eta orduan aireztatzea. Hori eginda ere ez bada nahikoa, aurpegia eta eskuak ur hotzarekin freskatzea izan daiteke irtenbide bat.
Kalera irteterakoan, komeni da eguzkia saihestea eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan, eta ahalegin fisiko handirik ez egitea. Txapel, bisera eta eguzkitako betaurrekoek lagun dezakete. Eguzkitan lan egitea beste erremediorik ez dutenei udalak aholkatu die burua estali eta ur asko edateko, arropa "arin eta transpiragarria" janzteaz gainera.
Pertsona zaurgarriak zaindu
Haur txiki, adineko eta gaixo dauden pertsonengan arreta berezia jartzeko eskatu du udalak, eta gogorarazi sekula ez duela inork aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean geratu behar, hori itzaletan egonik ere.
Norbaitek beroari lotutako sintomaren bat sentituz gero (ahultasuna, nekea, zorabioak, eta abar) ordubete baino gehiagoz, osasun arloko langileei kontsulta egitea komeni dela adierazi du udalak.