Donostia Arraun Lagunak hirugarren sailkatu da Gipuzkoako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 14a, 15:30
Donostia Arraun Lagunak (eskuinean), podiumean. Arg.: Gipuzkoako Arraun Federakundea.

Gipuzkoako arraun taldeak Hondarribian bildu ziren hilaren 12an nor baino nor lurraldeko txapelduna erabakitzeko. Lasarte-Oriako ordezkariak izan ziren lehian eguraldiari aurre eginez: Aiora Belartieta (Donostia Arraun Lagunak), Intza Fernandez (Hondarribia AE) eta Gaizka Ormazabal (Hibaika). Belartieta izan zen podiumera igo zen bakarra; Donostia Arraun Lagunak-ek brontzezko postua eskuratu zuen

Txanda ezberdinetan lehiatu ziren emakumezko mailako herritarren bi ontziak.

Donostia Arraun Lagunak 2022ko Euskotren Ligan aurkariak  izan zituen aurrez aurre hirugarren txandan: Orio, Tolosaldea eta Donostiarra. Hondarribiak, berriz, ETE Ligako Zumaia eta Hibaikaren aurka egin zuen arraun bigarrenean.

Orio izan zen nagusi, Tolosaldea bigarren sailkatu zen eta Donostia Arraun Lagunak hirugarren izan zen. Hondarribiak seigarren postuan amaitu zuen lehia.

Gizonezko mailan, berriz, Hibaikak Mutriku, Lapurdi eta Illunbe taldeekin neurtu behar izan zituen indarrak lehen txandan. Sailkapen orokorrean, Hondarribi izan zen garaile; Hibaika, aldiz, hamargarren izan zen. 

Liga hasierak 

Denboraldia ekainaren 19an hasiko du ETE Ligak, beraz, Fernandezen eskifaiak lehen hitzorduak izango du San Pedron, Hernaniko I. Bandera. 

Ekainaren 25ean, ARC2ko lehen jardunaldia izango da Donibane Lohitzunen; Euskotren Ligak, berriz, uztailaren 2an eta 3an Bilbon eta Donostian lehiatuko ditu lehen bi estropadak.