Etxeko eta merkataritzako hondakinen ordenantza onartu du udal korporazioak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 10a, 13:17

Ekaineko ohiko bilkura egin du udal korporazioak, eta hainbat gai jorratu: hondakinen udal ordenantza, animaliak izateko ordenantzaren aldaketa, udal lanpostu batzuen hizkuntza eskakizunaren derrigortasun data atzeratu ala ez eta galdera nahiz erreguak, besteak beste.

Azkar batean landu dituzte gai ordeneko aurreneko kontuak. Esaterako, alkateak jakinarazi du Lourdes Acevedo zinegotziak jarraituko duela Udaltzaingoaren ordezkari izaten, nahiz eta duela hilabete batzuk hori aldatzea eskatu. 

Jarraian, animaliak izan eta babesteko udal ordenantzari buruz hitz egin dute. 16. artikulua aldatzea onartu dute, eta adostu aurrerantzean alkateak aukera izango duela zehazteko herriko zein eremutan ibil daitezkeen zakurrak libre. Ordenantzekin jarraituta, merkataritza eta hiri hondakinena izan dute hizpide: dokumentua behin betiko onartu dute, aho batez. Bozka azaltzeko txandan, EH Bilduko zinegotzi Estitxu Garmendiak adierazi du "pozik" dagoela alderdia ordenantza onetsi izanagatik, baina "berandu" datorrela: "Oposizioko kide guztiok 2019an helarazi genion Udal Gobernuari birziklatze sistema hobetzeko beharra; azken urteetan %50etik beherakoa izaten jarraitu du". "Proposamena babestu dugu sistema aldatzeak tasaren portzentajea igotzea ekarriko duelako". 

Galdera eta erreguak

Galdera eta erreguekin hasi aurretik, beste bi gai onartu ditu korporazioak, aho batez: batetik, zenbait udal lanposturen hizkuntza eskakizunen derrigortasun data atzeratzea, 2033ko azaroaren 24ra arte; eta bestetik, udaltzain batek bi lanpostu bateratzeko eskakizuna. 

EAJ-PNVko zinegotzi Boris Nogalesek hartu du hitza gero, zenbait eskaera eta galdera egiteko: Michelinen jangela ez dagoenez honezkero, pareko aparkalekuan zenbait ordutan aparkatzeko debekua kendu ala ez aztertzea; San Pedro jaietara begira, ea barrakak jarriko dituzten merkatariekin prezio bateratuak ezartzea adostu duten; Gipuzkoako Foru Aldundiak berdintasuna sustatzeko ematen dituen dirulaguntzetan ea zergatik udalak ez duen ekarpen ekonomikorik jaso; eta Dial irrati kateak hilaren 29an antolatuko duen jaialdiari buruzko webgunean gauza bat aldatzea, herrian izango den ekitaldiaren gainean klikatuz gero Bilbo erakusten duelako, ez Lasarte-Oria.

Udal Gobernuko kideek erantzunak eman dituzte, banan-banan: aparkaleku horretako ordu jakin batzuen debekua kentzearena aztertuko dutela; ari direla merkatariekin hitz egiten baina prezioak bateratu baino, haurren eguna jarriko dutela uztailaren 3an, eta prezioa 2 eurokoa izango dela (gainerako egunetan, 3,50 euro); dirulaguntzarik ezin duela eskatu dagoeneko jaso duelako dirua Madrildik, festak berdintasunean aurrera eramateko; eta webgunekoa aldatzea eskatuko dutela.

EH Bilduk ere parte hartu du. Estitxu Garmendia zinegotziak jakinarazi du herritar batzuk harremanetan jarri direla alderdiarekin, esateko maiatzean izan behar zen janari bilketa ez dela gauzatu. Horrez gain, galdetu du ea Garaikoetxea-Landaberri ikastetxean egin duten azken lapurretak zerikusia izan duen alarma sistemaren funtzionamendu desegoki batekin. Azken zalantza horri Agustin Valdivia alkateak erantzun dio: "Alarma sistema, berez, egunero berrabiarazi eta lanerako prest izaten da, baina, antza denez, lapurtzera sartu ziren gauean ez zuten ezer egin. Zentrora sartu zena atzeman dute, eta ez da hori egin duen lehen aldia, behin baino gehiagotan saiatu da bereak ez diren gauzak osten". Janari banaketari buruz Lourdes Acevedo mintzatu da, eta esan du jarri dela harremanetan elikagaien bankuarekin, eta maiatzean udala banaketan sartu ez izanagatik barkamena eskatu diotela. "Azarokoan sartuko gara".