Rocioko erromeria bilakatuko da Atsobakar auzoa

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ekainaren 10a

Gozamen asteburu ederra datorkie lasarteoriatarrei. Semblante Andaluz elkarteak antolatuta, Rocioko erromeria egingo dute Atsobakarren, eta hori ospatzeko, askotariko jarduerak iragarri dituzte. Otoitzerako eta dantzarako tarteak ez dira faltako

Rocioko ama birjinaren omenezko ospakizun asteburua berreskuratuko du Semblante Andaluz elkarteak. Hilaren 11 eta 12rako egitarau oparoa prestatu, eta lasarteoriatarrak gonbidatu ditu Atsobakar auzoko parkera bertara daitezen. Berezia izango da aurtengoa gainera, izan ere, 30. urteurrena ospatuko baitu Semblante Andaluz elkarteak.

Larunbatean (hilak 11), eguerdian hasiko da erromeria eta dantzarako tarte ugari izango dituzte bertaratzen direnek bazkalordura arte. Semblante Andaluz elkarteko Duende taldea ariko da lehenik oholtza gainean, eta herri dantza izango da horien erakustaldia amaitu ostean.14:30ean, indarrak berreskuratzeko, herri bazkaria egingo dute. Kaldereta jango dute, eta berriz ere Duendeko dantzariak igoko dira oholtzara. Horiek amaitu ostean, Amaia Gonzalez Caballero dantza eskolako dantzarien txanda izango da, 19:00etan eta ordu erdi beranduago, 19:30ean Fit Gipsy Dance maisu eskolan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek, Lourdes Motiñoren eskutik. Denek elkar dantzatuz agurtuko dute lehen erromeria eguna; herri dantza izango da 20:30ean.

Igandean (hilak 12), berriz, meza errozieroa izango da lehen hitzordua. 11:30ean izango da, Arantzazuko Ama parrokian eta Semblante Rociero koruak abestuko du. Hori bukatuta,  12:30ean Atsobakar parkera joango dira. 14:00etan Ohorezko ardoa eskainiko diete agintari eta gonbidatuei eta topa egingo dute. Eta edanak jana behar duenez, paella eder bat jango dute bazkarian (14:30ean).

Arratsaldeko dantza emanaldi eta saioei ekin aurretik, elkarteko bazkideei opariak banatuko dizkiete (16:00etan), izan ere, 30 urte betetzen baititu Semblante Andaluzek aurten, eta hori ospatu asmoz egingo dute jarduera hori. Talde argazki bat ere aterako dute.16:30ean Semblante Andaluzeko dantza taldeak ariko dira oholtzan eta horien ostean baita Hernani eta Irunekoak ere. Errenteriako bi koruk ere Andaluziako doinuekin girotuko dute arratsaldea.

18:00etan herri dantza saioan aritzeko aukera izango dute erromeriako parte hartzaileek, eta 19:00etan moda flamenkoa erakusteko desfilea egingo dute. Horrez gain, flameko soineko bat ere zozketatuko dutela jakinarazi dute antolatzaileek.

Eta asteburuari behar bezalako amaiera emateko, 20:00etan kantuan ariko dira. Semblante Rociera koruak abestuko du eta Duende dantza taldeak dantzatu. Parte hartzaile guztiekin batera Salve rociera abestuz agurtuko dute Rocioko ama birjina. 21:30ean amaituko da erromeria.