Bi orduz aritu dira Oria ibaiertzeko hondakinak jasotzen

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ekainaren 10a

Artelatzek eta udalak antolatutako Aste Berdeari amaiera emateko hondakinak biltzen aritu dira herritarrak

Aste Berdeari amaiera emateko, Oria ibaiaren ertzak garbitzeko ekimen herrikoia egin zuten iragan larunbatean, hilak 4. "Kontzientziazio jarduera bat egitea eta kalean botatzen ditugun hondakinak desagertzen ez direla erakustea izan dira xedeak".

Bi ordu eskas igaro zituzten Michelin kirolgune atzealdeko ibai ertzak garbitzen. Hogei lagun elkartu ziren, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, zabor edukiontzi handi bat betetzeko adina zabor bildu zuten.

Askotariko materialetako hondakinak jaso zituzten: zelulosa eta plastikoak, oihal eta metal zatiak eta sokak. Harrigarriago batzuk ere bai, gas bonbona bat  eta pneumatiko bat.

Gaur-gaurkoz kontzientziazioa falta dela uste dute antolatzaileek: "Jendeak adierazi digu, antzematen duela ibai ertzetan zaborra dagoela, baina horrelako jardueretan ohartzen direla zenbaterainokoa den kutsadura".