Eskola agenda 2030 programan landutakoak eraman dituzte udalbatzar aretora

Txintxarri Aldizkaria 2022ko eka. 10a, 09:05

Makina bat ikasle udalbatzar aretoan bildu dira udal ordezkariekin. Hartu dituzten konpromisoen berri eman, eta hainbat eskaera egin dizkiote instituzioari 

Lasarte-Oriako udalbatzar aretoan izan dira herriko ikastetxeetako haurrak. Eskolako Agenda 2030 programan landutakoak aurkeztu dizkiete udal ordezkariei. Agustin Valdivia alkateak, Zerbitzu Publikoetako zinegotzi David Mateosek, Hezkuntzako batzordeburu Maite Iglesiasek eta Partehartze saileko arduradun Nagore Duranek egin diete harrera. Garapen Jasangarrirako hamazazpi helburu finkatu dira eta, aurten,  hamabosgarrena landu dute: Lurreko ekosistemetako bizia. Oso gai zabala denez, larretan, zelaietan eta larreetako loreetan jarri dute arreta. Hainbat hitzaldiren bidez, ikasleen ordezkariek lan prozesua eta egindako jardueren berri eman diete. Hala, ikasleek eta ikastetxeek hartzen dituzten konpromisoak azaldu dizkiete.

Ingurune hurbileko zein mendietako zelaiak, berdeguneak, basoak, zuhaitzak, landareak eta bertako animaliak zaindu eta errespetatuko dituztela azaldu dute ikasleek, eta biodibertsitatea hazten lagunduko dutela ere bai. Horretarako, ez dituzte belar eta zuhaitz adarrak moztuko, eta landareak landatzeaz gain,  animalientzako janlekuak jarriko dituzte.

Ikastetxeek, berriz, zaborrontzien erabilera egokia gogoratzeko afixak jarriko dituzte, eta bertako loreen eta belarren panela egingo dute, izenak ikasten joan daitezen. Gurasoen inplikazioa ere eskatuko dute, lanketan partaide izan daitezen.

Hala, udalari hainbat proposamen eta eskari ere egin dizkiote ikasleek. Horien artean, belardietan egurrezko eserleku eta mahai gehiago egotea galdegin  dute, eta eskatu, belardiak txukun mantentzea, baina belarra maizegi moztu gabe. Horiekin batera, hainbat berdegunetan birziklatzeko zaborrontzi gehiago jartzea nahi dute. Alkateak puntualki erantzun die planteatutako gai guztiei eta eskari guztiak aztertzeko konpromisoa agertu du.

Bide batez, eskerrak eman dizkie ikasle lasarteoriatarrei, egindako lanagatik.