Andoaingo Allurralde kiroldegian lehiatu zen Gipuzkoako Udako XII. Sarian Iker Gandia, Jurgi Sukunza, Irati Etxeberria eta Mayi Gorostegui igerilariek parte hartu zuten.
Sukunzak izan ezik, gainerakoek euren markak ondu zituzten egindako probetan. Gaztea, ordea, ez zen esku hutsik joan etxera, 200 m. libre proban infantil mailako brontzezko domina lortu baitzuen.
Proba berean, Gandiak infantil mailako zilarrezko domina eskuratu zuen eta 100 m. librean, berriz, hirugarren postua egin zuen.
Horrez gain, Mayi Gorosteguik eta Irati Etxeberriak Udako Gipuzkoako txapelketarako gutxienekoak egin zituzten. Gorosteguik 100 m. bizkar proban eta Etxeberriak estilo libreko 100 m. eta 200 m. probetan.
Euskadiko txapeldun
Donostiako Paco Yoldin jokatu zen Gipuzkoako V. Open Sarian ere emaitza paregabeak lortu zituzten herriko igeriketa taldeko kideek. Proba horretan Igeriketa Egokitutako Euskadiko Txapelketa txertatu zen.
Buruntzaldea IKTko igerilariek guztira 28 marka pertsonal berri egin zituzten eta hainbatek domina ere jantzi zuen.
Esate baterako, Nahia Zudaire Igeriketa Egokitutako Euskadiko txapeldun berria da.
Zubietako igerilaria 50 m. eta 100 m. libre zein 50 m. tximeleta probetan nagusi izan zen. Estilo libreko 100 m. proban bere marka hobetu eta Espainiako S8 mailako errekor berria ezarri zuen.
Bestalde, igeriketa taldeko lau kide izan ziren Open Sariko finaletan –Garazi Etxeberria, Unai G. Somovilla, Nora Imaz eta Izaro Audikana – eta Etxeberria eta Imaz podiumean izan ziren.
Etxeberriak junior mailako bigarren postuan sailkatu zen 50 m. libre proban.
Imazek, berriz, 400 m. libre eta 800 m. libreetan egin zuen podiuma. Lehenean junior mailako zilarrezko domina jantzi zuen; bigarrenean, absolutu mailako hirugarren izan zen eta junior mailako bigarren.
Hitzorduak
Buruntzaldea IKTko igerilariek asteburu honetan hitzordu garrantzitsua izango dute Maialen Chourraut kiroldegian, Lasarteko XXXI. Saria.
Larunbat arratsaldean, benjaminek ikasturteari amaiera emango diote Ordizia taldeko eta Hernani taldeko haurrekin lehiatzen; igande goizean, berriz, gainerako mailetako kideak Iruñako Amaya, Zarautzeko Balea, Hernani KE, Ordizia eta Fortuna taldeko igerilarien aurka lehiatuko dira.
Bestalde, Nahia Zudaire Funchal, Portugalen antolatu den Igeriketa Egokitutako Munduko txapelketan lehiatuko da hurrengo egunetan. 100 m. eta 400 m. librea probetan zein 100 m. tximeleta proban parte hartuko du igerilariak.
