Jaietako programaziotik kanpo, baina sanpedro betean hartuko du Dial al sol musika jaialdiak Andatza plaza. Hala jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalak eta Cadena Dial irratiko jaialdiaren antolatzaileek gaur goizen, prentsaurrean. San Pedro Egunerako iragarri dute jarduera, hilaren 29rako eta gauean izango da; 21:30ean hasi eta bi orduko iraupena izango du. Adin guztiei zuzendutako egitasmoa dela nabarmendu dute, eta doakoa izango da.
Pop estiloko doinuak izango dira nagusi eta horiek abestuko dituzten artistak ezagunak izan daitezke zenbaitentzat. Jaialdiaren inguruko datu gehiegirik aurreratu ez duten arren, oholtzara igoko diren abeslarien izenak ezagutarazi dituzte. Carlos Baute, Depol, Efecto pasillo, Paula Mattheus, Julia Medina, Miriam Rodriguez, Moises Losada eta La ultima llave arituko dira ikusleen aurrean, zuzenean.
Udala "pozik"
Gazteria eta Festak arloko zinegotzi Txus Alonsok adierazi du "luxua" dela horrelako jaialdi batez herrian bertan gozatu ahal izatea. Hala, eskerrak eman dizkio Cadena Dial irratiari jarduera Lasarte-Oriara ekartzeko eskaintza egiteagatik eta herritarrei gonbita egin die jaialdian parte hartzera anima daitezen.
Agustin Valdivia alkatea, aldiz, "pozarren" agertu da eta aitortu du "sekulakoa" dela jaialdiak San Pedro Jaiekin bat etortzea. Jakinarazi du gainera, euskotrenekin eta lurraldebusekin harremanetan jarri dela udala, gau horretako garraio zerbitzua zabaltzeko aukera ote dagoen aztertzeko.