Bi urrezko eta brontzezko domina bat, Euskadiko Txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ekainaren 7a

Naroa Furundarena (ezkerreko irudia) eta Maider Rekondo (eskubiko iruda) podiumeko maila gorenean. Arg.: Ostadar SKT

Herriko atletek bi hitzordu nagusi izan zituzten ekainaren 4an eta 5ean: Euskadiko txapelketa eta 16 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketako azken saioa. Ostadar SKTko Naroa Furundarena eta Maider Rekondo Euskadiko txapeldun berriak dira luzea-jauzian eta diska-jaurtiketan, hurrenez hurren. Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz herritarrak,berriz, brontzezko domina eskuratu du 100 m. libre proban

Ostadar SKTko bost kide izan ziren lehian Durangon Euskadiko txapelketan eta bi urrezko dominarekin itzuli ziren herrira.

Naroa Furundarenak eta Enara Gonzalezek luzera-jauzian parte hartu zuten bakarrik. Furundarenak bigarren saiakeran 5,77 metroko jauzia egin eta urrezko domina jantzi zuen.

Gonzalezek, berriz, ez zuen egun onena izan eta 5,33 metroko jauziarekin bosgarren postua eskuratu zuen. 

Disko-jaurtiketa proban ere Ostadarreko kideek postu berak lortu zituzten. Maider Rekondok proba irabazi zuen. Baleko jaurtiketa bakarra egin zuen herritarrak bigarren saiakeran. Diskoa 41,39 metrotara iritsi zen eta beste aurkariek ezin izan zuten marka hori gainditu.

Taldekide Ohiana Igarrizek bosgarren postua egin zuen 32,57 markarekin.

Azkenik, Ostadarreko Iraia Alkorta gazteak 100 m. lasterketako bosgarren finalerdia lehiatu eta 13,02 egin zuen. Ezin izan zen finalerako sailkatu.

Brontzezko domina

Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugik ere ez zuen zorterik izan proba bereko bigarren finalerdian (12,64).

Alabaina, mutilen proban, Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz herritarrak finalerdian 10,90 egin ostean, finala 10,96 markarekin amaitu eta podiumeko hirugarren mailara igo zen.

5.000 metroko finalean ere izan zen herriko ordezkaririk. Aloña Mendi taldeko Jon Presa bosgarren sailkatu zen, 15.35,16 denbora eginez.

Marka ontzen 

Donostiako Kote Olaizola Miniestadioan, berriz, 16 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketako azken saioa eta proba libreak jokatu ziren. 

Ostadarrek zortzi ordezkari izan zituen 100 m. libre proban eta 18 urtez azpiko mailako Alex Alkainek bere marka hobetu zuen, 11,63.