Dianak esnatu du auzoa eta baserritar jantzitako neskatoek hartu dute frontoi ondoko plaza. Kukukako dantzariek gaur zortzi Okendon erakutsitako trebezia bera erakutsi dute auzokideen aurrean ere. Baita dantza garaikidea egiten duten beste kide batzuek ere. Egitarauan agertzen ez bazen ere, erraldoiak eta buruhandiak auzora bueltatu dira, larunbatean egindako dantza eta korrikaldiekin nahikoa nekatu ez zirelako edo... Ibilbidea beraiekin egin du goiza girotu duen Oiantxe in deu txarangak.
Patata tortilla lehiaketara 17 lagunek aurkeztu dute beraien ekarpena. Oso puntu gutxiko aldea izan zen partaideen artean, bereziki irabazleen kasuan, pare batekoa. Joxe Manuel de la Sernak jaso zuen sari nagusia.
Frontoian Lasarte-Oriako eta Hernaniko jubenilen arteko pilota partida jokatu dute. Haritza Diaz de Gereñu-Peru Urdanpilleta eta Julen Deskarga-Joseba Beroz aurrez aurre izan dira. Partida hasieran zirudiena baino lehiatuagoa izan da eta herritarrek azken txanpan aldea murriztu dute, nahiz eta ezin izan dute garaipena lortu. 22-20 galdu dute.
Goiza amaitzeko, kirolarekin jarraituz, proba mistoa egin dute. Trontzan, txingan, lokotx bilketan, ingude/gizon proban eta korrikan aritu behar izan dute taldeek. Proban zehar nahiko pareko joan dira talde beltza eta laranja, baina azken lasterketan aurre hartzea lortu dute laranjek.
Bazkari herrikoiarekin indarrak hartu dituzte jaien amaierari heltzeko. Xumela koruko lagunen eskutik, kantu festa izan da, eta ondoren, erromeria Bide Batez taldearekin. Zabaletarrek dantzarako grina erakutsi dute beste behin.
Eta hala, arratsaldea amaitzearekin batera bukatu dira aurtengo Zabaletako jaiak ere. Hiru urtez itxaroteak merezi izango zuen.