Dianak esnatu du Zabaleta. Batzuk egitarauan dauden gauzen artean gustukoena aukeratu eta kalera irteteko prestatzen hasiko ziren, beste batzuk, berriz, esnatu badira, buelta eman eta leku berean jarraituko zuten. Gau luzeen ondoren, indarrak hartu behar dira larunbatean ere leku berera bueltatzeko. Haurrentzat luzea izango dena, ordea, eguna da.
Futbol festan parte hartzen ari ziren bitartean, LOZET elkarteko buruhandi eta erraldoiek auzoan buelta egin dute Kilker Band txarangaren musika jarraituz. Haien atzetik guraso eta haur ugarik osatu du ibilbidea. Buruhandien aurretik ihesi eta atzetik zirikatzen lasterketan gogotik egin dute txikietako batzuek. Frontoi ondoko plazan gelditu dira Zabaletako bizilagun handienak eta haien barruan egotea nolakoa den ikusi ahal izan dute haurrek.
Alboetako batean jarritako zortzi mahaietan Joxe Migel Aranzadiren omenezko XIII. eskoba txapelketa aurrera eraman dute. Bikoteka aritu dira mahai bakoitzean lau jokalari jarrita. Bazkal aurreko bermut musikatua hasi denean, oraindik ere azken partidan zebiltzan.
El Grafiti bilbotarrak eta Ibey Beatbox herritarrak Joxe Mari Agirretxek aurkeztu ditu emanaldiari ekin aurretik. Bakoitzak bere musika ekarri du, oso bestelakoa, eta haren lagin bat erakutsi dute. Hesiekin egindako itxitura inguratu dute haurrek, gertutik ikusteko saioa.
Eta arratsaldean jaiak aurrera jarraituko du haur festarekin. Altxorraren bila edota zinta lasterketa egingo dituzte afal ordura arte.