Bi urte ez dira alperrik pasatzen. Aste asko dira, bereziki, jada, urtebete itxarotea zail egiten den horietarako. Teresa sorgina Zabaletan da. Lehenagotik ospatzen ari dira Zabaletako auzokideak eta aldapan gora hara heldutako gainerako herrikideak, Zabaleta Auzolanek eta udalak antolatutako ekimenekin. Hala ere, gaur arratsaldean hasi dute ekimenez jositako jarduera.
Ilusioa eta gogoa nagusi, dardarren bat nabaritu dute festetako pertsonaiaren etorrerarako gutxi falta zela. Zerua belztu eta ekaitza hasi baita. Beste dena bezala, hori ere pasa da, eta bustitako kaleak jendez bete dira. Trikitilariak aurrean, musikak lagunduta Teresak erakutsitako bidea egin dute frontoiraino. Han geldituko da igandera arte jaiek sorgindutako auzotarrak zaintzen.
Bere etorrerarako motorrak berotzen hasteko, Kukukako kideek antzerkia egin dute eta haurrei txokolatea eta bizkotxoa eman diete meriendarako. Batzuen aurpegi eta arropetan nabari zen gustura edan dutela. Teresa iritsi eta pregoia irakurri dute, eta ondoren, Sorgin dantza egin. Oinen mugimenduarekin jarraitzeko frontoira jo dute, erakustadia egin duten Jalguneko lagunekin dantza egitera. Musika ere ez da falta izan eszenarioan, ezta bonba japoniarrak edo goxokiak ere, azken horiek erraketa bidezko teknika xelebrearekin banatuak, gainera.
Bertsolarien emanaldia hasi bitartean, gas-gas eta Zabaletako abestia dantzatu dute zenbaitek. Erakustaldia amaituta, Antton Garinek bertsotan aritzera etorritakoak aurkeztu ditu: Ane Labaka, Miren Artetxe, Andoni Mujika eta Eñaut Martikorena. Zapi morea lepoan jarri eta Earra bertso eskolako bi kidek jarritako gaiak erantzun dituzte: gamusino bilaketa, Zabaletaren auzo izaera, lau urte dituen frontoiaren itxura eskasa, Joxe Mari Agirretxeren ekarpena...