Astelehenean hasiko da Kukukaren 20. Antzerki eta Dantza Astea, desfile batekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ekainaren 3a

Ikasturtean zehar mimoz eta ilusioz landutako guztia erakusteko irrikaz daude Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako kideak. Hori dela eta, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, 20. Antzerki eta Dantza Astea prestatu dute, emanaldiz betetakoa: hilaren 6an hasiko da, bizi-bizi, herriko gune ugari zeharkatuko dituen desfile koloretsu batekin (Hipodromotik aterako dira, 19:00etan), eta 12an bukatu, Izan Iñurri egitasmoko lagunekin elkarlanean antolatu duten Tabuen kutxatik oholtzara emanaldiarekin. Bertso saio musikatu solidario bat da, eta 18:00etan hasiko da. 

Bien bitartean, adin ugaritako ikasleek zapalduko dute Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtza, goizez zein arratsaldez, astegun nahiz asteburu. Antzerkia, euskal dantza, euskal dantza sorkuntza eta dantza garaikidea jorratu dituzte kurtso honetan, eta diziplina horietan oinarritutako lanak partekatuko dituzte ikus-entzuleekin. Kukukako arduradunek jakinarazi dutenez, haurren emanaldiek ikusteko sarrerek euro bat balio dute, eta helduenek, 3 euro (hilaren 11ko funtzio guztiek ere bai, larunbatekoek). Herritarrek ikuskizunak hasi baino ordubete lehenago erosi ahalko dituzte txartelak, kultur etxeko leihatilan.

Bestalde, Izan Iñurrirekin batera antolatutako ekimena ikusteko 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta eragile horretako kideekin kontaktuan jarri, sarrerak eskuratzeko.

Egun bakoitzeko emanaldiak hasi aurretik, II. Bideo Txapelketako lanak proiektatuko ditu Kukukak, eta hilaren 11n banatuko ditu sariak, egun horretarako programatuta dauden funtzioak hasi baino lehen. Arduradunek herritarrak animatu dituzte kultur etxera joan eta antolatu dituzten emankizunez gozatzera. 

Aurrematrikulazio epea 

Kurtsoko aste garrantzitsuenetako baten atarian egonagatik, Kukuka 2022-2023 ikasturtea prestatzen ari da buru-belarri. Hala, jakinarazi du hilaren 6an irekiko duela aurrematrikula egiteko epea, hilabete amaierara arte luzatuko dena. Datorren kurtsoan antzerkia (LH1 mailatik aurrera), euskal dantza (HH5etik aurrera), euskal dantza sorkuntza edo dantza garaikidean (azken bi modalitate horiek, LH4tik aurrera) murgildu nahi duenak hainbat bide ditu horretarako: www.kukuka.eus webgunea, izenematea@kukuka.eus helbide elektronikoa edo 655 84 73 45 telefono zenbakia. Horrez gain, herriko ikastetxeetan izena emateko orriak banatuko ditu.

Bazkide bila

20. Antzerki eta Dantza Astea bezalako egitasmoa ez dira egun batetik bestera egiten, eta kurtso osoko eskola, entsegu eta abarrak, zer esanik ez. Kukukako arduradunek azpimarratu dute jende gehiago behar dutela proiektua aurrera eramateko. "Egiten ari garen guztian sinesten duen, ilusioa eta indarra duen eta Kukukan inplikatu nahi duen edonor ongietorria izango da gurekin batera lan egitera", azpimarratu dute. Horretarako interesa duenak lehen aipatutako bide horiek erabil ditzake koordinatzaileekin harremanetan jartzeko.

Motorrak berotze aldera, Kukukako ikasleak Zabaleta auzora igotzen ari dira, festen bueltan emanaldiak egiteko. Hauek dira hurrengo egunetarako lotuta dituztenak: gaur, hilak 3, ostiralarekin, 18:00etatik aurrera antzerki saioak egingo dituzte; eta etzi, hilak 5, igandez, euskal dantza eta euskal dantza sorkuntza landu duten taldeak ariko dira frontoi alboko eremuan, 11:00etan hasita.

TXINTXARRI aldizkariak 20. Antzerki eta Dantza Astearen jarraipen berezia egingo du, paperezko edizioan zein digitalean, www.txintxarri.eus webgunean.

EGITARAUA

Astelehena, hilak 6

  • 19:00etan, Hipodromotik abiatuta, desfile koloretsua.

Asteartea, hilak 7

  • 10:30/19:00. LH 5-6 mailako ikasleek funtzio ugari egingo dituzte: Zer ari da gertatzen?, Arratsalde bateko abentura eta Nork pozoindu zuen Edurnezuriren sagarra?.

Asteazkena, hilak 8

  • 09:30/10:45/19:00. LH 1-2 mailako ikasleek Amets batean bezala oholtzaratuko dute, eta LH 3-4 mailakoek, Zer nahi du.

Osteguna, hilak 9

  • 10:00/19:00. LH 2-3, LH 4-5-6 eta DBH1 taldeek Zubietan murgiltzen ikuskizuna emango dute, eta DBH 1-2 taldekoek, Zoroen mundu zoroa, arratsaldean soilik, 19:00etatik aurrera.

Ostirala, hilak 10

  • 12:00etatik 13:00era, Euskal dantza sorkuntza emanaldiak: DBH 1-2, DBH 4 eta 1. Batxilergoa. Zoroen mundu zoroa antzezlana, DBH 1-2. 
  • 20:00etatik aurrera, helduen taldeak ariko dira: Ilargi beteko eguna antzezlana eta dantza garaikidea egingo dituzte.

Larunbata, hilak 11

  • 20:00etan hasita, euskal dantza, HH5 eta LH1-2. Euskal dantza sorkuntza: LH 5, DBH 1-2-4, Batxilergoa, gazteak eta helduak.

Igandea, hilak 12

  • Izan Iñurrik eta Kukukak antolatuta, Tabuen kutxatik oholtzara emanaldia. Sarrerek 15 euro balio dute.