Beltzak Rugbi Taldeak Izar Beltzak oroimenezkoa aurkeztu du. Hilaren 4an, Michelin Kirol gunean errugbia izango da nagusi.
"Aitor Uranga oroimenezkoa zena, Izar Beltzak oroimenezkoa bihurtu da. Gure taldearen sorreran zer ikusia zuten beste kide batzuk ere zendu dira eta haien omenez Izar Beltzak izena jarri diogu txapelketari", azaldu dute errugbi taldeko kideek.
Egitaraua
Eskolako haur eta gaztetxoek emango diote hasiera jardunaldiari. Jolasak egin eta guraso eta gaztetxoen arteko partida jokatuko dute.
Eguerdian errugbi neurketak hasiko dira. Cominter Tisu Hernanik Getxoko eta Eibarreko jokalariez osatutako talde bat izango du aurrez aurre. 16:00etan, aldiz, Beltzak Lasarteorians eta Atletico San Sebastian taldeen arteko norgehiagoka izango da.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, Beltzak Lasarteorians taldean Lasarte-Oriako zein herriko taldearekin lotura duten jokalariek parte hartuko dute.
Partida bakoitzaren ostean, hirugarren denbora eta oroigarri banaketa izango da. Gainera, azken partidan epaile izango den Pedro Montoyaren lanari aitortza egingo diote.
"Montoya Ohorezko Mailako epaile da eta erretiroa hartuko du aurki. Epaile eta epaileen irakasle lanetan egin dituen urte guztiengatik oroigarritxo bat eman nahi diogu," jakitera eman dute.
Egitarauaz gain, txapelketan banatuko diren oroigarriak ere erakutsi dituzte. Jonny Walesek egurrean egindako lanak dira guztiak.
Oroigarriak
Taldeei emango zaizkien opariez gain, sari bereziak ere izango dira. Lehena txapelketako irabazleak jasoko du eta urtez urte, garaileen izena gehituko da atzeko aldean.
Bestetik, mele onenak, jokalari jatorrenak eta jokalari lehiakorrenak ere izango dute oparia. Horiek Beltzak RTren sorrera sustatu zuten Gotxoren, Aitor Urangaren eta Jesus Erroren izenak daramatzate.