Ohorezko Kadete Mailako taldeari penaltietan egin zion ihes Kopak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko ekainaren 2a

Ostadar eta Kostkaseko jokalariak partida amaitzean. Arg.: Gipuzkoako Futbol Federazioa.

Ostadar SKTko Ohorezko Kadete Mailako taldeak Kopako finala jokatu zuen Kostkasen aurka Berio, Donostian. Partida zirraragarria izan zen. Binako berdinketarekin amaitu eta penaltietan erabaki zen garailea, Kostkas.

Aurkari zaila zuen talde urdin-beltzak aurrean. Hala ere, Ostadarreko kadeteak gogotsu atera ziren zelaira. Igor Astiazaran prestatzaileak aipatu modura,  "Finala denboraldi osoan egindako ahalegin guztiaren saria zen".

Aukera ugari sortu zituen Ostadarrek eta gola ere egin zuten. "Nola jokatu eta nola min egin jakin genuen. Denboraldi osoko lehen zatirik onena izan zen," adierazi du entrenatzaileak.

Bigarren zatia, ordea, gaizki hasi zen eta Kostkasek bi gol egin zituen. Astiazaranen taldeak partida berdintzeko ahalegin egin eta taldea animatzera joan ziren zaletuen laguntzaz, azken minutuetan lortu zuen saria. 

Penaltietan, berriz, zorte txarra izan zuen Lasarte-Oriako taldeak eta Kostkas gailendu zen.

Nahiz eta neurketa ez irabazi, prestatzailea harro dago jokalarien egindako finalarekin eta eskerrak eman nahi dizkie Beriora joan ziren zaletuei.