Gipuzkoako txapelketan Ostadar SKTko hamabost kide baino gehiagok parte hartu zuten eta guztira sei domina batu zituzten –urrezko lau eta zilarrezko zein brontzezko bana– eta Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek ere zilarrezkoa jantzi zuen 100 m. lasterketan.
Enara Gonzalez izan zen podiumera igotzen lehena. Luzera-jauzian bigarren jauzian jarri zen lehen postuan eta hirugarren eta laugarren saiakeran egindako 5,65 metroek urrezko domina eman zioten.
Nahia Surutusak lortu zuen bigarren domina. 7,57 metro jaurti zuen lau kiloko pisua herritarrak eta brontzezko domina eskuratu zuen.
Disko-jaurtiketako lehen bi postuak ere lortu zituzten talde urdin-beltzeko kide Maider Rekondo (43,16 m.) eta Oihana Igarrizek (32,50 m.). Rekondo nagusi izan zen proba hasi zenetik 42,02 metroko jaurtiketari esker.
Naroa Furundarenak lortu zuen hirugarren urrezko domina jauzi hirukoitzean. Furundarena bigarren saiaketan 12,43 metrora iritsi zen eta marka horrek podiumeko lehen mailara eraman zuen.
Ostadarreko 4x100 m. erreleboko mutilen taldea izan zen podiumera igotzen azkena. Alex Alkain , Unax Riezu , Oinatz Almagro eta Aitor Surutusa laukoak 47.70 denbora egin zuen finalean, Super Amara BAT eta Atletico San Sebastian garaituz.
Iraia Alkortaren 100 metro lasterketako marka ere nabarmendu nahi izan dute Ostadarreko arduradunek. Alkorta 16 urte azpiko Espainiako txapelketako gutxienekotik gertu geratu da 12,85 egin ostean.
Zilarrezko domina
Ostadarreko kideez gain, beste herritarrik ere izan da lehiaketan. Real Sociedad taldeko Yeray Veroniz, Atletico San Sebastian taldeko Nerea Eugi edo Bidasoa Atletiko taldeko Unax Goenagak ere proba ezberdinak jokatu dituzte.
Veronizek lortu zuen hiruetatik posturik onena. 100 metro lasterketako finalerdian hirugarren denbora onenarekin sailkatu zen finalera Real Sociedad taldeko kidea, 10.87. Finalean, berriz, 10.89 eginez bigarren postua eskuratu zuen herritarrak.
Eugik ere 100 metro lasterketan parte hartu zuen. Finalaurrekoan 12,64 denbora egin eta gutxigatik ezin izan zen finalerako sailkatu.
Azkenik, Goenaga 200 metro lasterketako bigarren finalean lehiatu zen eta 02.05,96 denbora egin zuen.
Eskolarteko Jokoak
Bestalde, Euskadiko Eskolarteko Jokoak antolatu ziren maiatzaren 28an, Gasteizen.
Gipuzkoako selekzioak jauzi hirukoitza proban lehiatzeko, Oihane Belartieta deitu bazuen ere gazteak ezin izan zuen parte hartu eta taldekide Lucia Muiños joan zen bere lekuan.
Ederki lehiatu zen eta laugarren saiakeran 8,74 metroko jauziarekin bosgarren postua eskuratu zuen.
Alabaina ez dira lehiaketak amaitu. Ekainaren 4-5 asteburuan herriko atletek mailak absolutuko Euskadiko txapelketa lehiatuko dute Durangon.
Donostiako Kote Olaizola miniestadioan, aldiz, 16 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketako azken jardunaldia eta proba libreak jokatuko dira.