Eguzkik Udaberri Torneoa eskuratu du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 31

Eguzki eta Aldapeta C taldeak indarrak neurtu zituzten Udaberri Torneoko finalean.

Liga zazpigarren postuan amaitu ostean, arantzatxoa kendu du Eguzki Areto Futboleko Gazteen mailako taldeak; Udaberri torneoko txapeldun da. Francisco Javier Kixki Perezek zuzentzen duen taldeak Aldapeta C taldea 7-3 garaitu zuen

Prestatzaileak azaldu modura, "neurketa irabazteko aukerak genituen. Donostiako taldea ezaguna genuen. Torneoa prestatzen lagunarteko bat jokatu genuen. Horregatik bagenekien partida serioa egin behar genuela irabazteko eta horrela izan zen".

Jokalariek erakutsitako heldutasuna izan da gakoa Perezen ustetan. "Pazientziaz jokatu eta erabakiak ongi hartu zituzten. Horri esker, nagusi izan ginen". 

Defentsa lan ona eginez, partida osoan aurretik joan zen Perezen taldea. 2-0 iritsi ziren atsedenaldira. Bigarren zatia hasi bezain pronto hirugarrena egin zuen talde berde-horiak eta partida amaitzeko minutu baten falta 3-5ekoa zegoen markagailuan. Aurkaria arriskatu eta Eguzkik beste bi gol egin zituen. 

Prestatzailea pozarren dago jokalariek egindako lanarekin. "Torneoa irabazteak balio handia du, ligan jokatu duten talde guztiek parte hartu dute. Eta Ligan irabazi gaituzten taldeak, orain erraz irabazi ditugu".

Eta taldeak Ligako bigarren zatian egindako lana azpimarratu du. "Gazteen meritua izan da. Urteak daramatzate elkarrekin lanean eta hori nabari da. Urte zaila izan da. Gabonen ostean, Ligan arazoak izan genituen: berrogeialdiak, atezainaren osasun arazoak eta taldea uztea... Beraz sistema aldatu behar izan genuen. Eta lan horrek orain fruitu eman du". 

Zikloaren amaiera

Neurketa eta garaipena ere taldearentzat bereziak izan direla nabarmendu du Gazteen mailako prestatzaileak. "Taldearen Gazteen mailako azken partida izan da. Orain senior taldeetara joango dira eta batzuk areto futbola utziko dute. Hiru urteko zikloa izan da egin duguna. Asko kadeteetatik elkarrekin egon dira eta orain banatuko dira. Zikloa bukatzeko modurik onena garaipena izan da".

Beraz, taldea desegingo da. Perezek, berriz, Gazteen mailan lanean jarraitzeko esperantza du: "Kadeteetatik datozen gaztetxoak hartuko nituzke. Baina izena emateak ere ikusi behar dira. Oraindik guztia airean dago".