Bi urteko etenaren ondoren, dantzari txikiek plaza hartu dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 29a

Erketz Dantza Taldeak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatuta, lau dantza taldetako kide gazteek gorputza mugitzen duten abilezia erakutsi dute goizean zehar. Andatza plazan batu ondoren, erdiguneko kaleetan barrena joan dira, han-hemen dantza erakustalditxo bat egiteko geldituz. Emanaldi nagusia, berriz, Okendo plazan egin dute. 

Bi urteko hutsunearen ondoren, dantzari gazteek kaleak bete dituzte.  Berriro elkartu dira XXX. Dantzari Txiki Egunean Faltzesko Makaia, Usurbilgo Orbeldi, Kukuka eta Erketzeko dantzariak dakitena erakusteko lasarteoriatarrei. Dantza gogoz egin dute, baina, bereziki, ondo pasa dute, eta momentu barregarriren bat edo beste oparitu ere. 

Andatza plaza izan dute lehen topagune. Ordua baino lehen, bertan ziren Usurbilgo bi taldeetako kideak. Entseatu, argazkiak batzuk atera (eta ateratzen utzi), eta elkarrekin jolastu dute, gainerako dantzariak bertaratu diren arten. Denak bertaratu direnean, hamaiketako goxo bat eman diete indarrak hartzeko. Nafarroatik etorritako gazteenek sobera dituzte, antza, harrapaketan eta korrika aritu baitira, nahiz eta oraindik dantza egitea falta zitzaien. 

Ordua heldu denean, Ttirriki Ttarrakako musikariek lagunduta hasi dute desfilea. Nafarrek eta Erketzeko kideek lehen geldialdia, Oriarte Institutuaren atarian egin dute. Dantza bana eskaini diete inguruan bildu direnei txistularien doinua jarraituta. Handik aurrera jarraitu dute herria girotzen, Okendoko emanaldia heldu den arte.

Plazan jarritako hesiaren barrualdean, zoruan eseri dira dantzari txiki guztiak. Mugaren beste aldean, ikusleak. Eguraldi onak lagunduta, asko izan dira saioa ikustera joandakoak. Talde bakoitzak prestatutako dantza bat edo bi egin ditu, arkuekin, makilekin, sueltoan, binaka, taldean... era askotan mugitu dute gorputza. Batzuetan, borroka jolasean ari zirela zirudien, are gehiago barrez lehertzen ari zirelako neskatoak. Ondo pasatu duten seinale. Eguzkipean erakutsitako trebeziak ere bere saria izan du, eguna bezalako txalo sorta beroa.

Erlazionatuak

Dantzari Txiki Eguneko emanaldia Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2022 mai 29 Kultura