Suediako eta Irungo ahotsek elkarrekin abestu dute komentuan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 28a, 21:06

Suediako Helsingborgs abesbatzak eta irungo Aquam Lauda Koruak emanaldia egin dute larunbat arratsaldean Ama Brigitarren komentuan, Danok-Kide elkarteak antolatutako XVII. Musika Topaketetan.

Kontzertua hasi aurretik, Danok Kideko Jesusmari Egizabalek hitz batzuk esan ditu. Eskerrak eman dizkie bi abesbatzei, Europa iparraldetik etorritakoari bereziki. Azaldu die komentua Brigit jainkosaren omenezkoa dela, zelten mitologiaren pertsonaia nagusietako bat dena. Eliza txiki gelditu da, bankuak bete dituzte lasarteoriatarrek, eta zutik jarraitu dute saioa hainbatek.

Aquam Laudako koruak hasi du kontzertua. Kaletik sartu dira erdiko korridorean barrena eta aldare aurrean kokatu. Lehen ilaran eserita zituzten zain Suediatik etorritako abesbatzaren kideak. Ave maris stella, I believe, Córtame una rosa blanca eta Amaiur  abestu dituzte Javier Bustoren zuzendaritzapean, eta ondoren, Helsingborgseko kideekin batera Ave Maria eta Sommarpsalm kantak. 

Txalo artean eseri dira Aquam Laudako kideak eta lekua utzi diete suediarrei. Hamar kantako programa eskaini diete bertaratutakoei.

 

Erlazionatuak