Eskaintza berezia egin du Aterpeak Udaberri Festan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 28a, 20:11

Udaberri Festa aurrera eraman du Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak ostiral eta larunbatean. Hilaren 16an hasitako sustapen kanpaina amaitzeko, haurrentzako tailerrak egin zituzten ostiral arratsaldean eta txu-txu trenean bidaiatzeko aukera eman herritarrei, larunbatean. Bi ekimenetan lasarteoriatar ugarik parte hartu du.

 

Ostiralean Aterpea elkarteko kide diren saltokietako askok euren denda barruko eskaintza kalera atera zuten. Estalki zuria, zenbait globo edo apaingarri eta inoiz baino eskurago (eta tentagarriago) jarri zituzten beraien produktuak. Oinetako eta arropa artean kuxkuxean ibili ziren zenbait herritar, eta hitzordu beharrik gabe tatuaje berria egin zuen batek baino gehiagok. 

Etxeko txikienek, aldiz, lau tailer izan zituzten aukeran. Ormazabal loradendan, adibidez, lurra, potoak eta aldaxkak prest zituzten erakusleiho aurreko mahaietan. Haurrak bertaratu ahala, lurra potoetan nola sartu, noraino bete, zenbat zapaldu eta hatzarekin egindako zuloan landaretxoa nola sartu azaldu zien Ramon Ormazabalek. Landatu berri zuten petuniak zer kolore izango duen ezin jakin, baina nolakoa izango den ikus zezaten denda aurrealdean zuen bat erakutsi zien. "Orain beste lan bat duzu", esanez agurtzen zituen saltzaileak, eskuak pixka bat zikindu izangatik jasotako opariarekin pozik zihoazenean.

Handik gertu Ola Enmarcacion dendan mural bat margotzen zebiltzan bi mutiko. Paper zuria  jada  marrazkiz zipriztindua zegoen, aurretik egindako lanekin. Errotulagailuekin beraien irudimenaren zati bat paperean islatzen ari ziren bitartean,  Arkupe tabernaren aurrealdean jotzen ari ziren musika entzuten zen. 

Nahio arropa dendan ere musika bazuten. Atearen albo batean DJ batek girotu zuen arratsaldea, beste aldean,  mahaiaren bueltan eserita zeuden haurrak paperezko poltsak apaintzen aritu ziren, gogotsu.

Larunbatean, txu-txu trenean bidaiatzeko aukera izan dute herritarrek egun osoan zehar. Goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara bitartean, Jalgi kafe antzokiaren aurrean trenera igo nahi zutenen ilara ia etengabea izan da. Batzuetan luzeago, besteetan laburrago; baina nahi zuen edonork egin du osteratxoa. Batzuek, gainera, globo bat izan dute opari, itxaronaldia arintzeko.