Sutea gertatu den inguruko bizilagunei leihoak ixteko eskatu die udalak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 28a

Argazkiak: Lasarte-Oriako Udala

Uralitazko estalkia erre da bart gauean Kale Nagusian piztutako sutean, eta gas toxikoak hedatzen ari direla jakinarazi du udalak. Prebentzio neurri gisa, etxeetako leihoak ixteko eskatu du

Kale Nagusiko 58. zenbakian dauden pabiloi abandonatu batzuetan gertatu da ezbeharra bart gauean.  23:00ak aldera piztu zen sua, eta udalak emandako datuen arabera, uralitazko teilatuak ere su hartu duenez, gas toxikoak hedatzen ari dira inguruan. Hori dela eta, Dia supermerkatutik Txartel hotel inguruko zubira arteko bizilagunei leihoak itxita edukitzeko deia egin die udalak, prebentzio neurri gisa. Eusko Jaurlaritzako teknikari baten zain daude, hark emisioak neurtu eta neurri berriak hartu behar dituzten edo ez jakiteko.

Autoen joan etorriak baimenduta dauden arren, oinezkoen pasabideak itxi egin dituzte, beraz, Oriatik erdigunera edo alderantzizko noranzkoan joan behar dutenek herritarrek, parapetotik egin beharko dute.