Herriko sindikatuetako ordezkeriek bat egin dute Azken Ostiralarekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 27a, 22:17

Maiatzeko Azken Ostiralean herriko sindikatuen elkartasuna jaso dute Lasarte-Oriako Sareko kideek. Hilabetero bezala Elizatzen elkartu dira 20:00etan eta handik Okendora bidea egin dute 30 bat lagunek. Abiatu aurretik Sare eta Etxeraten idatzi bateratua irakurri dute; plazan, berriz, langile ordezkariena izan da hitza. 

Amaitzear den hilabeteko irakurketan askotan errepikatutako aldarriei erreferentzia egin diete beste behin Sarek eta Etxeratek: salbuespen legedia eta hura aldatzeko Espainiako Estatuaren borondate politiko eza. Hala, "eskubide urraketa sistematikoa" salatu dute, besteak beste, espetxe lege arrunta aplikatzea blokeatu izana, gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzea edo Frantzian betetako kondenak ez batzea.

Halaber, gogoratu dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak espetxe politika aldatuko zuela iragarri zuenetik lau urte igaro direnean, ez dela "dispertsioaren eta urruntzearen zikloa behi betiko itxi euskal presoentzat". 65 presok urrunduta jarraitzen dute espainiar Estatuan eta beste hemeretzi gehiagok frantziarrean.  

Herriko CNT, ELA, LAB, HIRU eta Steilas sindikatuek bat egin dute maiatzeko Azken Ostiralarekin, beraiek ere "bidea egin nahi" dutelako. CNT, LAB eta HIRUko ordezkariak izan dira ekintzan, ELA eta Steilasekorik ezin izan da batu.  Okendo plazara iristean, LABeko Maider Izagirrek, mikroa eskuan, idatzi bat irakurri du, elebitan. Bai eskubideen urraketarekin bai salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko garaia dela berretsi dute, "etxera itzultzeko pausoak ematekoa". Horretarako "ohiko legedia ezarri" behar zaie euskal presoei eta gradu progresio prozesua "desblokeatu", baita gaixo larriak diren presoak etxean artatu eta senideen eskubideak errespetatu ere, besteak beste.

"Sindikalgintzatik ere denbora daramagu aldarri hauekin bat eginez, salbuespen legedia bertan behera gera dadin lanean. Eta horren adibide da gaur hemen batu izana. Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako  gabiltza gu ere, eta bide horretan jarraituko dugu", gogoratu du Izagirrek, eta gehitu, elkarbizitza "posible" ez dela eskubide urraketa badago.