Jai giroan amaituko du Ostadar SKTk 2021-2022 denboraldia. Azken bi urteetan egin ez bezala, Ostadarreko sail ezberdinetako kideak Oriarte BHI Landaberriko patioan batuko dira hilaren 28an, larunbatarekin.
Ostadar Inklusio atalak antolatutako jolas inklusiboek emango diote hasiera ekimenari, 11:30ean. Ostean, 12:30ak aldera, sail eta talde bakoitzeko entrenatzaileek jokalari jatorrenei sariak banatuko dizkiete.
Kirolari onena eta Auzolan sariak
Eta ohitura duen moduan, Ostadar SKTk bi sari berezi banatzeko baliatzen du azken festa hori: Kirolari Onena eta Auzolan sariak.
Aurten Kirolari Onena Nahia Zudaire igerilariarentzat izango da. Iaz lehenengoz Tokioko Paralinpiar Jokoetarako sailkatu zen gaztea, eta hiru probetan parte hartu zuen bi diploma olinpiko lortuz.
Auzolan saria, berriz, Izan Iñurri egitasmoak jasoko du. Minbizia bizi dutenei eta haien ingurukoei laguntzeko helburuz orain artean auzolanean egindako lanarengatik eskaniko diote saria.
Ekitaldia giro ederrean amaitzeko, Beltzak Errugbi taldeko kideek hirugarren denbora prestatuko dute. Eta zer jan eta edan izango dute Oriarten batzen diren guztiek.