Nahiz eta ederki borrokatu, Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldea ez da 1. mailako finalean egongo

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 26a

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta TEEP Tolosala taldeen arteko lehen finalerdiko irudia.

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones eta TEEP Tolosalaren arteko finalerdietako bigarren neurketa jokatu zuen hilaren 20an, Tolosan. Lasarte-Oriako taldea lehen zatian nagusi izan zen eta garaipena eskuratu zuen. Ahaleginak ez zuen fruitu izan, ordea, eta TEEP Tolosalak finalerako txartela lortu zuen

 

Eguzkik 4-6ko aurkako emaitzari itzulia eman behar zion eta finala buruan zuela, indartsu hasi zuen norgehiagoka.

Alboko sake baten ostean, bigarren minutuan aurre hartzea lortu zuten Josu Lopezek eta Mikel Escribanok zuzentzen duen taldeak; bigarren gola bosgarren minutuan etorri zen.

Jokoan nagusi zela, hirugarren gola ere egin zuen Eguzkik. Tolosalak aldea murriztu zuen defentsako huts batez baliatuz. Atsedenaldia baino lehen, Lasarte-Oriako taldeak sarea bidali zuen baloia laugarren aldiz.

Emaitza horrekin Eguzki Rehabilitaciones taldeak finaleko txartela eskuan zuela zirudien arren, Tolosako taldeak ez zuen amore emango. 

Bigarren zatian, jokoa berdindu zen eta bi taldeek aukerak sortu zituzten. Gauzak horrela Lasarte-Oriako taldeak bosgarrenez gainditu zuen Tolosako atezaina.

Alabaina partida amaitzeko hamar minutu falta zirenean, taktika aldatu zuen TEEP Tolosalak. Arriskatuz, atezain jokalariarekin hasi zen jokoan. 

Eguzkik ezin izan zituen sortutako aukerak baliatu; Tolosako taldeak, ordea, hiru gol egin zituen eta 4-5 emaitzarekin herritarren helburua zapuztu zuen.

Udaberriko txapelketako finala

Bestalde, jubenil mailako taldeak bere multzoko lehen postuan sailkatu da Udaberri txapelketan eta finala jokatuko du.