ESKUALDEA

Gidabaimena euskaraz aterata, inertziak hausteko deia egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 25a, 13:40
Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki eta Mugica autoeskolako Ana Mugica, egitasmoa aurkezten.

Azken urteetan egin bezala, Buruntzaldeko sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz prestatzera animatu dituzte herritarrak, eta, batez ere, gazteenak: aurten 18 urte beteko dituztenei gutun bana bidali diete etxera. Azterketa euskaraz egin eta gainditzen dutenen artean 400 euroko bederatzi sari zozkatuko dituzte.

Aipatu udaletako Euskara zerbitzuek garatzen dute egitasmoa, eskualdeko autoeskolekin elkarlanean: Andoainen, Bengoetxea eta Mendik parte hartuko dute; Astigarragan, Otamendik; Hernani, Lagunak eta Otamendi Hernanin; Mugicak Lasarte-Orian; eta Urnietan nahiz Usurbilen, Solozabalek. 

Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordoki eta Mugica autoeskolako zuzendari Ana Mugicak aurkeztu dute herri mailako egitasmoa.

Mila lagun baino gehiago 

Baztertu aurreiritziak eta hautsi inertziak! lelotzat hartuta, 12 urte daramatzate udalek egitasmoa sustatzen, eta jakinarazi dute 1.192 lagunek lortu dutela gidabaimenaren atal teorikoa euskaraz ateratzea.