Jarduera ugari antolatu ditu Aterpeak astebururako, Udaberri Festa amaitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 25a, 12:45
Txu-txu trenak herriko kaleak zeharkatuko ditu larunbatean, Okendo plazatik abiatuta.

Aterpea elkartea Udaberri Festa egiten ari da egunotan, tokiko merkataritza sustatzeko. Asteburura begira, haurrentzat zein helduentzat jarduera ugari prestatu ditu, tokiko merkataritza sustatzeko kanpaina horri ginga jartzeko. Bestalde, gogorarazi du parte hartzen ari den establezimenduetako batean larunbata baino lehen erosketak eginez gero, bezeroak sariketa berezi batean sartuko direla: 2.000 euro zozkatuko dituzte erosketa bonuetan.

Haurrentzako tailerrak, ostiralean
  • 17:00etatik 18:00etara, Landatu zure landarea tailerra, Ormazabal loradendan.
  • 17:00etatik 19:00etara, Mural bat egin tailerra, Ola Enmarcacion dendan.
  • 17:00etatik 19:30era, poltsak apaintzeko saioa Nahio arropa dendan.
  • 17:30etik 19:30era, Paperezko panpin bat egin tailerra Dulce Tentacion gozoki dendan.
Musika emanaldiak, ostiralean
  • 17:00etatik 19:30era, zuzeneko musika DJ baten eskutik, Nahio arropa dendan.
  • 19:00etatik 21:00etara, rock abestien bertsioen kontzertua, Arkupe tabernan.
Txu-txu trena, larunbatean
  • Goizez zein arratsaldez, herriko kaleak zeharkatuko ditu txu-txu tren batek, Okendo plazatik abiatuta.

Eskaintza berezi ugari

Aipatu jarduerez gain, Udaberri Festan parte hartzen ari diren komertzio ugarik eskaintza bereziak egingo dituzte ostiral honetan. Esate baterako, Buenetxea tabernak bost eurotan salduko ditu garagardo eta patata min errazio bana. Horrez gain, Zubieta Motor tailerrak %25 merkeago egingo ditu ibilgailuen berrikuspenak. 

Horrelako pagotxa gehiago, establezimendu hauetan: Aritza, Mauxa, Olmi eta Urruzola mertzerietan; Mabel, Alba eta Imagine jantzi dendetan; Iturbe eta Calzados Leder zapata dendetan; Bote Tatto-n; eta Arregui Elektrizitatean.