Hilaren 20an, ostiralean, Easo Urgull izan zuen aurkari Michelin kirol gunean jokatu zen neurketan. Etxeko taldea nagusi izan zen partida osoan zehar eta 49-21 irabazi zuen.
Bi egun geroago, berriz, SaskiAxularren aurka partida erabakigarria zuen Maialen Chourraut kiroldegian.
Bi taldeak sailkapeneko lehen postuetan zeuden eta bi puntuko aldea zegoen bakarrik bien artean. Gainera, talde urdin-beltzak partida irabaziz gero, bien arteko neurketen tanto-kopuruak erabakiko zuen Ligako burua. Joaneko neurketan SaskiAxularrek 29-38 irabazi zuen. Beraz, Ostadarrek hamar puntuko aldea lortu behar zuen Liga eskuratzeko.
Lehen eta bigarren laurdenak borrokatuak izan ziren, 10-8 eta 10-9, hurrenez hurren. Hirugarren laurdenean, berriz, nagusi izan zen etxeko taldea, 11-0. Ondorioz, azken laurdena hamahiru puntu gora iritsi zen etxeko taldea.
SaskiAxularrek, ordea, ez zuen txapelketa hain erraz ihes egiten utziko. Donostiako taldeak azken laurdena ederki borrokatu zuen eta talde-urdin beltzaren akatsak ongi baliatu zituen aldea murrizteko. Bederatzi puntura jarri zen eta partida momentu horretan amaitu izan balitz, luzapena egongo zen.
Tamalez, azken segundoan biko saskiratze bat egin zuen SaskiAxularrek eta Ostadarrek 24-31 irabazi arren, zazpiko aldeak Donostiako taldeari eman zion Liga.
Laugarren postua
Ez da jardunaldia jokatu duen talde bakarra izan.
Kadete partaidetza mailako taldeak, Ligako 3. eta 4. postua jokatu zuen SaskiAxularren aurka. Donostiako taldeak 61-47 irabazi zuen. Beraz, laugarren postuan geratu da Aitor Lasen taldea.
Senior 3. mailako taldeak, berriz, hamabosgarren postua eskuratu du Eibar Saskibaloia taldea 69-59 garaitu ostean.
Senior 2. mailako taldeak ere denboraldiko azken neurketa jokatu zuen. Nahiz eta Gaizka Urreiztiren taldeak norgehiagoka ederki hasi – bi hirukorekin aurre hatu zuen talde urdin-beltzak – , Graficas Juaristi ZKE taldeak erritmoa ezarri eta 65-46 gailendu zen.