Eider Redondo Proba konbinatuetako Gipuzkoako txapeldun da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 25a

Porba konbinatuetako txapelketan parte hartu zuten alebin mailako atletak. Redondo ezkerretik hasita bigarrena da. Arg.: Ostadar Atletismoa.

Ostadar Atletismo saileko kideek antolatuta hilaren 22an Eskolarteko Proba Konbinatuetako Gipuzkoako Txapelketa lehiatu zen. Alebin eta infantil mailako gaztetxoek proba ezberdinei aurre egin zizkieten

Ostadar SKTko zazpi kideek parte hartu zuten eta Eider Redondok lortu zuen emaitzarik onena. Gipuzkoako txapeldun berria da.

Hiru proba egin behar izan zituzten alebin mailako atletek: 60 m. lasterketa, pisu jaurtiketa eta luzera-jauzia. Redondok lehen postua lortu zuen abiadura (8,19) eta jauzi probetan (4,6 m.); pisu jaurtiketan, berriz, bigarren izan zen (8,81). Guztira, 1623 puntu batu zituen eta sailkapeneko lehen postua eskuratu zuen herritarrak.

Lehen hamarren artean izan zen, Oihane Belartieta ere. Zazpigarren izan zen infantil mailan. Atletek lau proba gainditu behar izan zituzten: 80 m. lasterketa zein 80 m. hesi-lasterketa, luzera-jauzia eta pisu jaurtiketa.

Horiez gain, talde urdin beltzeko Naia Barrio, Maider Gasalla eta Uxue Altuna alebinak eta Kevin Pinza eta Ibai Alkain ere lehiatu ziren. Guztiak lehen hogeita bost sailkatuen artean izan ziren.

Hurrengo hitzorduak

Eta maiatzari amaiera emateko hitzordu garrantzitsuak dituzte Ostadar SKTko kideek.

Hilaren 28an eta 29an, absolutu mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatuko da Kote Olaizola Miniestadioan, Donostian. 

Oihana Belartietak, berriz, hilaren 28an, Euskadiko Eskolarteko kirol  jokoetan parte hartuko du Gipuzkoako selekzioarekin, Gasteizen. Bi proba egingo ditu: jauzi hirukoitza eta 4x80 m. lasterketa.