Buruntzaldea IKTko igerilariek marka eta gutxieneko berriak lortu dituzte Tolosako San Joan Sarian

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 24a

San Juan Sarian parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Tolosako San Juan Saria lehiatu zen hilaren 21ean, Usabal kiroldegian. Gipuzkoako Sarien A Zirkuituko bigarren jardunaldia  horretan, Buruntzaldea IKTko Miren Sarobe, Garazi Etxeberria eta Nora Imaz igerilariek parte hartu zuten. Euren markak ondu eta Infantil zein Absolutu mailako Udako Euskal Herriko Txapelketetarako gutxieneko berriak ere lortu zituzten

Gutxieneko markak Miren Sarobe infantilak eskuratu zituen. Estilo libreko 50 m. eta 100 m. probetan lehiatu zen. Denbora "politak" eginez, 29,00 eta 01.02,58, hurrenez hurren, marka pertsonalak hobetu eta Infantil mailako Euskal Herriko Udako Txapelketarako gutxienekoak egitea lortu zuen. Ez hori bakarrik, Absolutu mailako Euskal Herriko Udako Txapelketan parte hartzeko aukera ere lortu zuen.

Garazi Etxeberriak, berriz, bi proba egin zituen: 50 metro bular eta lau estiloetako 200 metroko proba. Buruntzaldea IKTko arduradunek jakitera eman dutenez, Garazi belaunean lesio batekin dabil eta "min horrek ez zion bere onenean lehiatzeko aukerarik eman". Hala ere, bular proban bere marka pertsonaletik gertu ibili zen (36,67)eta lau estiloetako proban berriz, 02.41,29 denbora egin zuen.

Azkenik, Nora Imazek 50 m. eta 100 m. libre zein bular probak lehiatu zituen. "Entrenamenduetan prestatzen dituen probak ez direla kontuan izanik, marka txukunak egin zituen," adierazi dute prestatzaileek. Lehen proban bere markatik gertu geratu zen, 29,03; 100 m. bular proban 01.21,65 denborarekin marka pertsonala lortu zuen eta 100 m. librean berriz, "aspaldian lortu ez zuen denborara gerturatu zen", 01.01,68 marka eginda.

Igerilari horien hurrengo hitzordua Gipuzkoako V. Open Saria da, Donostiako Paco Yoldi kiroldegian. Ekainaren 4-5eko asteburuan, igerileku luzean maila oneko igerilarien artean lehiatuko dira.