Erketz EDTk 32. Dantzari Txiki Eguna ospatuko du igandean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 24a

Bi urteko etenaldi behartuaren ostean, dantzari gazteen topagune izango da gure herria igande honetan: Erketz EDTk, Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean, 32. Dantzari Txiki Eguna antolatu du. Kukuka (Lasarte-Oria), Orbeldi (Usurbil) eta Makaia (Faltzes, Nafarroa) taldeak gonbidatu ditu. Eguraldi txarra egiten, Oriarte institutuko Landaberri eraikinean ariko dira.

Hauxe da iganderako prestatu duten egitaraua:

  • 11:00etan, Andatza plazara iritsiko dira taldeetako partaideak.
  • 11:30ean, auzoz auzo egingo dituzte dantza saioak.
  • 13:00ean, Okendo plazan elkartuko dira dantzariak.
  • 13:15ean, emanaldiak egingo dituzte talde guztiek Okendon bertan.
  • 16:30ean, parte hartzen duten taldeen bilketa.
  • 17:00etan, jolasak.

Sokadantzarako entseguak

Bestalde, Erketzek gogorarazi du asteartero entseguak egiten ari dela, ekainaren 23ko San Joan suan dantzatuko duen sokadantza prestatzeko. Parte hartu nahi duten herritarrek Garaikoetxea-Landaberri ikastolara joan beharko dute, 20:00etarako.