Hondarribiatik Suediarainoko doinuak, larunbat honetako musika topaketetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 24a

Danok Kide elkarteak XVII. Musika Topaketak antolatu ditu larunbat honetarako, hilak 28. 19:30ean hasiko dira Hondarribiako Aquam Lauda korua eta Suediatik etorriko den Helsingborg-eko Ahots Taldea. Ama Brigitarren komentuan ariko dira biak eta sarrera doakoa da.

Bi abesbatzetako bakoitzak bere errepertorio propioa eskainiko du larunbatean, baina bi pieza abestuko dituzte elkarrekin: Javier Bustoren Ave María eta W. Ahlen eta M. Ivarsson-en Sommarpsalm (hitzak C.D. Wirsen-enak dira).

Hamazazpi koralista

Helsingborgeko Ahots Taldea 1996an sortu zen. Gaur-gaurkoz hamazazpi koralistak osatzen dute taldea, eta Marianne Ivarsson da zuzendaria. 26 urte daramatzate han eta hemen kontzertuak ematen, nazioarteko lehiaketetan parte hartzen eta mundu osoko abesbatzekin emanaldi trukeak egiten.

Aquam Lauda 2014ko urtarrilean jaio zen, Hondarribian. Hasieratik, helburua izan da emakumezkoen abesbatzentzat sortutako musika zabaltzea. Zuzendaria Javier Busto da. Ez dira aurrenekoz ariko Lasarte-Orian, 2016ko musika topaketetan izan baitziren. Pandemia tarteko, bi urtez geldirik egon dira, eta "gogo betez" itzuli dira lanera, Bustok berak azpimarratu duenez. Aurten Ejea de los Caballeros (Aragoi) hirian izan dira.