Muxikoak plazara bueltatu dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 22a, 13:44

Maiatzeko laugarren igandea da gaur, eta ohi bezala, Plaza Dantzako kideak kalera irten dira. Hogeita hamar bat lagun aritu dira lehenik Okendo plazan, eta ondoren, Antonio Mercero plazan, baloian jolasean ari ziren haurrengandik babesteko. Eguraldia lagun izan dute, eguzkiak eta beroak ez baitiete gehiegi eragin. Gogotsu mugitu dituzte oinak eta inguruan begira zeudenen arreta piztu dute. 

Alboan edo aurrean zutenarengandik pausoak ikasten aritu dira pare bat emakume. Larritasun puntu batekin sartu da bietako bat biribilean, aspaldi dantzatu gabe zegoelako. Pieza amaitzean pausoak aurreratu dizkion emakumeak lasaitu du azterketa ez zela esanez eta gogoraraziz: "Musikak burmuina pizten dizu eta oinak automatikoan doaz". Urduritasunak ahaztu dituen ezin jakin, baina dantzan jarraitu du. Berak bezala, trebetasun eta ezagutza gehiago edo gutxiagorekin, bi orduz gorputza mugitzen aritu dira plazan elkartutakoak. 

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak elkarlanean aurrera daramate Plaza dantza egitasmoa. Dantzaren inguruan gehiago edo gutxiago dakiten lagunak batzen dira ikasturtean zehar elkarrekin euskal dantzetan trebatzeko eta elkarrengandik ikasteko. Horrez gain, hilabeteko hirugarren igandean, gaur bezala, kalera irteten dira ikasitakoa praktikatzera. Eta nahi duenak bat egin dezake.

Erlazionatuak