Kultur aniztasunaren erakusle eta komunitate egile

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 20a

'Munduko Dantzak' egitasmoan parte hartu dute Lasarte-Oriako bi dantza taldek; Kukukak eta Semblante Andaluzek. Mundu osoko dantzen agertoki izan da aipatu herria, eta jarduera hori antolatzea herritar baten ardura izan da: Maitane Rebe Igartuarena

Dantza "herrien benetako adierazpena" dela iritzita, munduko toki ugaritako dantza taldeak elkartuko zituen  Abarka GKEak iragan larunbatean, hilaren 14an Oiartzungo Done Eztebe plazan. Munduko dantzen erakusleiho bihurtu zuten aipatu herriko plaza. Zortzi dantza taldek parte hartu zuten egitasmoan, horien artean Lasarte-Oriako bik: Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako euskal dantza sorkuntzako bi taldek eta Semblante Andaluzeko lau dantzari gaztek. Horrelako jarduera bat egin izana, ordea, ezinezko zatekeen aurretiazko antolaketa lanik gabe; eta zeregin horietan aritu da, besteak beste, herritar bat: Maitane Rebe Igartua.

"Oso jarduera polita" izan zela  kontatu dio txintxarri-ri, eta bertan bizitakoen berri eman. Egitasmoaren lehen edizioa izanik, "urduritasuna eta presioa" nabaritu zituen, baina apurka baretu zitzaizkion: "Ez genekien jendeak nola erantzungo zuen eta oso harrera ona izan du. Parte hartzaileak oso hunkituta zeuden eta ikusleak ere oso gustura". Ikusleak, normalean, agertoki pareko eserlekuetan egon ohi dira emanaldietan, baina une batez, ikusle izateari utzi, eta dantzari ere bilakatu ziren Oiartzungo plazara gerturatutako hainbat. Kamerungo erritmo biziekin trebetasun handia erakutsi zuten.
Prestaketa lanak ez dira uste bezain errazak izan, ordea. Azken aldian pandemia bareago dagoen arren, COVID-19ak eragindako osasun egoerak horretan eragin zuzena izan duela uste du herritarrak: "Hainbat dantza taldek ezezkoa eman ziguten, oraindik pandemia ostean martxa hartzen ari baitira".

Ia hiru urte boluntario lanetan
2019az geroztik ari da Rebe boluntario gisa lanean Abarkan. Unibertsitatean izan zuen erakundearen berri, Ekonomia Sozial eta Solidarioa graduondoko ikasketak egiten ari zela, erakundea aurkeztera joan baitziren ikastetxera. Saio hartan jakin zuen Kamerunera bidaia solidario bat egitera joateko aukera izan zezakela, eta interesgarria iruditu  zitzaionez, erakundeko ordezkariekin harremanetan jartzea erabaki zuen: "Betidanik izan dut boluntario lana egiteko nahia, baina ez naiz sekula fio izan GKEekin. Horien eta enpresen arteko marra oso lausoa da, eta horrek mesfidantza sortu izan dit".  Abarkak beste filosofia bat du, GKE txiki eta familia girokoa da. Ez didate zer nola egin behar dudan zehazten; egiten dudana nigandik ateratzen da". Egun, askotariko adin, nazionalitate eta errealitateetako gazte talde batek osatzen du Abarka eta horien  guztien artean, nazioarteko proiektuetan elkarrekin ari dira lanean, gizarte inklusibo baten alde.

2023ko udan bidaiatuko dute Kamerunera eta bidaia hori prestatzen ari dira dagoeneko. Hainbat hezkuntza proiektu garatu nahi dituzte, baina ez hori bakarrik; sexualitatea lantzeko ikastaroak ere eman nahi dituzte.

Data hori iritsi bitartean, ordea,  beste zenbait egitekotan ari da lasarteoriatarra. Erasmus + egitasmoko koordinatzailea da, eta erakundeak Euskal Herrian antolatzen dituen jarduerak ere bere gain daude. Horien arten, aurreratu ditu batzuk. Ekainaren 11n Bilbon egingo den Munduko Arrozak egitasmoan parte hartuko dutela iragarri du, eta, urrian, egitasmo bera antolatzeko ardura hartu du Abarkak; Oiartzunen egingo dute. 
Horrez gain, Historias de tu vida izeneko ekintza bat ere antolatuko dute. Atzerritik Euskal Herrira etorritako pertsonen askotariko errealitate ezagutarazi asmoz.

Oinetakoa eta eskertza adierazpena
Seguruenik ez zaizu arrotza egin erakundearen izena, irakurle, baina, kamerundarrez eskertzeko erabiltzen dutela esaten badizut? Hortxe, Euskal Herria eta Afrika erdi-mendebaldeko estatuaren arteko beste lotura bat.

Erakundearen berri izan nahi duen lasarteoriatarrik bada,  https://abarka.org/  helbidea bisitatzeaz gain, honako bide hauen bitartez jar daiteke Abarkarekin harremanetan: 688 68 02 33 telefono zenbakira deituta edo WhatsAppa bidalita, edota info@ongabarka.org helbidera mezu bat idatzita.