LOKEko gimnastak Gipuzkoako txapelketako zein Udaberri torneoko podiumetan izan dira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 19a

LOKE kadete taldea, Mirian Prieto (erdian), Aranzabe (bigarren mailan) eta Sarmiento (hirugarren mailan) gimnastak podiumetan. Arg.: LOKE Gimnastika.

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastek banaka, zein taldeka hiru hitzordu garrantzitsu izan dituzte, maiatzaren 14an eta 15ean, Irunen. Amateur mailako zein eskolarteko mailako Gipuzkoako txapelketetan zein Udaberri Torneoko finalean lehiatu dira. Emaitza paregabeak lortu dituzte, nabarmenenak Mirian Prietok eskuratutako jubenil mailako Gipuzkoako txapelketa eta kadete taldeak Udaberri Torneoan lortutako lehen postua dira

Maiatzaren 14an, Gipuzkoako txapelketetan parte hartu zuten. Goizean Amateur mailakoa izan zen eta arratsaldean, berriz, Eskolarteko mailako lehia.
Amateur mailan bost gimnasta eta kadete B taldea atera ziren  tapizera.

Banaka lehiatu ziren gimnastek bi lan aurkeztu zituzten eta tresna batzuetan lehen postuetan sailkatu ziren. 
Jubenil A mailako Mirian Prietok pilota (lehen postua) eta mazo lanekin (bigarren postua) hartu zuen parte eta bere lanak sailkapen orokorreko lehen postura eraman zuen gimnasta gaztea. 

Zinta eta uztaiarekin lan egin zuten Senior A mailako Garazi Gomezek eta Senior B mailako Paula Martinezek. Uztai lanean Gomezek bigarren postua eskuratu zuen finalean.

Kadete B mailako Aitana Molanok eta Erika Tejerok uztaia eta mazo lana izan zuten eta Molanok bosgarren postuan amaitu zuen uztaiko lehia.
Kadete taldeak, azkenik, uztaiak eta pilotak izan zituen lan tresna. 

Infantil eta kadeteak ere podiumean

Ordu batzuk geroago, Eskolarteko mailako txapelketa izan zen. Horretan Infantil B mailako LOKE gimnastek parte hartu eta banakako lehiketan podiumera igo ziren.

Maitane Sarmientok eta Maialen Aranzabe-Ane Lopez taldeak izan ziren LOKEko ordezkariak lehiaketa horretan eta uztaia eta pilotak izan ziren landutako tresnak. 

Sarmientok bigarren postuan amaitu zuen pilotako saioa eta hirugarren uztaikoa. Sailkapen orokorrean bigarren postuan izan zen.

Aranzabe-Lopez bikoteko kideak ere izan ziren uztaiko podiumean; Aranzabek bigarren postua eskuratu zuen. Sailkapen orokorrean, berriz, laugarren izan ziren.

Banakako gimnastez gain, taldeak bost uztaileko lana egin zuen. 

Azkenik, Udaberri Torneoko finala jokatuko zen igandean. Lehiaketa honetan kadete mailan izan zen emaitzarik nabarmenena. LOKE taldeak garaipena erdietsi zuen bai finalean, baita sailkapen orokorrean ere. 

Infantiletan, berriz, LOKE CP2 taldea laugarren izan zen finalean; CM taldea eta CP1 taldea, berriz, sailkapen orokorreko laugarren eta bosgarren izan ziren, hurrenez hurren.

Hurrengo lehiaketak

Emaitza hauei esker, LOKEko Prieto, Martinez eta Gomez gimnastak maiatzaren 29an Durangon antolatuko den Amateur mailako Euskadiko txapelketarako sailkatzea lortu dute. 

Kadete mailan ere, LOKEko taldea, Aitana Molano eta Erika Tejero izango dira lehian. Euren hitzordua ekainaren 4an izango da. 

Eta eskolarteko mailan, Gipuzkoako txapelketako B mailako lehen lau banakakoak Euskadiko Jokoetako txartela eskuratu dutenez, LOKEk ordezkari bat izango du lehiaketan, Maitane Sarmiento. Gimnasta A mailan lehiatuko da maiatzaren 28an, Gasteizen izango den proban.