Ane Labaka herritarrak Aixita Sariketa irabazi berri du Irurtzunen (Nafarroa). Elkarrizketa eman dio Bertsoak.eus atariari, eta, kontatu duenez, saio osoan zehar "gustura" aritu zen bertsotan, "giro bero eta goxoan". Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusia prestatzen hasia dela adierazi du, eta azpimarratu "heldutasun puntu batekin" iritsi zaiola parte hartzeko aukera. 30 urte beteko ditu abuztuaren 8an.