Emakumezko senior mailan lau ontzi atera ziren maiatzaren 14an ligari amaiera ematen zio jardunaldia lehiatzera: Donostia Arraun Lagunak, Hondarribia A eta B eta Zumaia A.
Ez zen proba soila, hurrengo egunean jokatuko zen Gipuzkoako txapelketako sailkapen proba ere izan baitzen.
Erlojupeko modalitatean lehiatu zen eta guztien artean azkarrena Donostiako ontzia (16.11,76) izan zen. Aldea atera zien gainerako aurkariei. Hala nola, bigarren izan zen Hondarribia Ak 16.25,34 egin zuen.
Ligako sailkapenean orokorrean, berriz, hirugarren postua eskuratu du Hondarribiako A taldeak.
Zilarrezko domina
Gipuzkoako txapelketan ere Donostiarrak izan ziren nagusi. Hasieratik aurre hartu zuten eta hiru segundoko aldea ireki zuten Hondarribia A ontziarekiko.
Bigarren ziabogaren ostean, Hondarribia gerturatzea lortu zuen eta hirugarren ziabogan segundo bateko aldea izan zen.
Donostiarrek, ordea, indartsu daudela erakutsi eta helmugara iristean 15.43,73 egin zuen; Hondarribiak, berriz, 15.47,54. Zilarrezko domina jantzi zuen beraz Intza Fernandez herritarrak.