Bigarren kanporaketa erabakigarria izango da 1. Mailako finalean egoteko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 18a, 09:30

Eguzki Arkupe Rehabilitaciones taldeak oztopo batekin egin du topo 1. mailako finalerako bidean, TEEP Tolosala. Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zen kanporaketan 4-6 gailendu zen Tolosako taldea eta emaitzari itzulia eman beharko dio Lasarte-Oriako taldeak bigarren neurketan.

Partida ongi hasi zuen etxeko taldeak eta erasoan ederki ari zen lanean. Minutu gutxietara, ordea, defentsa huts batek Tolosako taldearen gola ekarri zuen.

Berdinketaren bila, Josu Lopezek eta Mikel Escribanok zuzentzen duten taldeak aukerak sortu zituen. Tamalez, Tolosalaren atezainak eraso guztiak zapuztu zituen eta kontraeraso batean aurkariak bigarren gola egin zuen. 

Markagailua murrizte aldera erasotzen jarraitu zuen Lasarte-Oriako taldeak. Tolosarrek ere aukerak sortu zituzten eta Eguzkiren beste defentsa huts batez ongi baliatu ziren hirugarren gola egiteko. 

Atsedenaldira iritsi baino lehen eman zuen fruitu etxeko taldearen lanak. Landutako jokaldi baten ostean, aurkariaren sarean amaitu zuen baloiak (1-3).

Bigarren zatia, indartsu hasi zuten Lopez eta Escribanoren jokalariek. Ondorioz, hiruna berdindu zuten partida eta aurretik jartzeko aukera ere izan zuen etxeko taldeak; Tolosalako atezainak ez zien utzi, ordea.

Eta alboko sake batean, jaurtiketa egin eta eskuairatik sartu zuen aurkariak laugarren gola. 

Eguzkiko jokalariek ez zuten ondo hartu gola eta euren jokoan eragina izan zuen. Hori baliatuz, beste bi gol egin zuen Tolosalak eta 3-6 jarri zen. 

Horiek ez zuten amore emango eta azken minutuan penalti bati esker, laugarren gola lortu zuen.

Ondorioz, Tolosan jokatuko duten norgehiagoka zaila izango dela onartu du Josu Lopez prestatzaileak. Guztia eman eta finalean egoteko lan egingo dutela ere nabarmendu du: "Bi goleko errenta du aurkariak eta itzulia eman behar diogu. Baina taldea edozer lortzeko gai dela erakutsi du eta izan genituen hutsak konponduz gero, finalean egon gaitezkeela uste dut. Finaleko txartela lortzeko gogoz joango gara".