Ostadarreko jubenil taldeak Gipuzkoako txapelketa eskuratu du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 17a, 12:05

Jubenil mailako Gipuzkoako txapelketako azken partidak jokatu ziren maiatzaren 14an, Pio Baroja kiroldegian. Lehenik hirugarren eta laugarren postuak erabaki ziren. Hernani eta Fortuna taldeen neurketan hernaniarrek izan ziren nagusi, 3-1 (26-24, 17-25, 25-20 eta 25-16). Ostean, final handia jokatu zen eta Ostadar eta Aldapeta Maria A taldeek neurtu zituzten indarrak. Final zirraragarria izan zen. Bitan galtzen joan arren, Ostadarreko jokalariek ez zuten amore eman eta Gipuzkoako txapela eskuratu zuten, 2-3

Ostadar SKTko kideek espero bezala norgehiagoka zaila izan zen. Denboraldi osoan zehar partidarik galdu ez zuen Aldapeta Maria A taldea zuen aurrez aurre Ostadarreko jubenilak eta aurkaria zen Gipuzkoako txapelketa eskuratzeko faborito nagusia. Ostadar, berriz, aurten sortutako taldea da eta pausoz pauso mailan bere balioa erakusten joan da. Fase erregularren hirugarren postuan sailkatu zen.

Lehen zatia gaizki hasi zen talde urdin-beltzarentzat. Ostadarrek ez zuen jokoan sartzea lortu eta Donostiako taldearen atzetik joan zen markagailuan. Azkenik 25-23 amaitu zen partida 

Alabaina Asier Acuriola  entrenatzaileak azaldu modura, "taldea lehen seta galtzera ohitu da eta horren ostean, partidari itzulia emateko gai dela erakutsi du denboraldian zehar". Era honetara, bigarren zatian nagusi izan zen Lasarte-Oriako taldea. "Sakean fin ibili ziren jokalariak eta jokaldiak ere modu txukun eta eraginkorrean eraman zituzten aurrera," adierazi du prestatzaileak. Horrek saria izan zuen: 11-25 irabazi zuten bigarren zatia. 

Aldapeta Maria A taldeak, ordea, ez zuen esku hutsik joan nahi norgehiagokatik eta hirugarren zatia borrokatua izan zen. Jokoan berdintasuna zegoen arren, Ostadarrek izandako akats batzuk donostiarrei eman zien seta, 20-25.

Laugarren zatia erabakigarria izan zen. Ostadarreko jubenilak sendo mantendu ziren eta ez zuten akatsik egin. Aldapeta Maria A taldeak, berriz, markagailuan atzetik joan eta partidaren intentsitatearengatik, fisikoki eta mentalki nekea sumatzen ari zelaren seinaleak ematen hasi zen. Ostadarrek 18-25 irabazi eta bina setera berdindu zuen neurketa.

Horri esker Ostadarreko jokalariek gogotsu hasi zuten azken seta. Talde urdin-beltzeko jubenilek ederki zuzendu zuten jokoa eta Donostiako taldea gainditu zuten arazorik gabe. 10-15eko markagailuari esker, Gipuzkoako txapelketa eskuratu zuten.

Acuriola prestatzailearen ustetan, "taldeak ez zuen konfiantza eta ausardia galdu partidan zehar eta hori izan da partida irabazteko gakoetako bat".

Jubenil taldea partidako atsedenaldi batean. Atzean, Ostadarreko zaletuak. Arg.: Ostadar Boleibola.

Denboraldi ederra

Prestatzailea pozik eta harro dago taldeak lortutako balentriarekin eta jokalariek merezitako saria dela aitortu du: "Nora, Oihane, Amane, Lur, Ane, Aintzane, Maider, Veru, Miriam, Lorena, Naroa eta Saioa dira lortutako balentriaren erantzuleak. Taldearen lehen urtean Gipuzkoako txapelketa eskuratu dute".

Denboraldi ezin hobea egin du taldeak eta eurek egindako lana ere goraipatu nahi izan du: "Dudarik gabe lan handia egin dute denboraldian zehar. Ainhoa Gonzalez bigarren entrenatzaileak eta biok ahal izan dugun guztia erakutsi diegu. Taldea jokatzen ikustea eta euren artean sortu den ilusioa sentitzeak harro sentiarazten gaitu".

Hondartzan ere

Txapelketa eskuratu ostean, ekaina amaiera arte atsedenik izango ez dutela aitortu du prestatzaileak. "Senior eta jubenil taldeak batera entrenatuko dute maiatzean. Saioa horiek taldearekin bat egin nahi duten  pertsonei zuzenduta daude ere, proba egin dezaten".

Gainera, hondartzako boleibolean arituko direla ere aurreratu du: "Ekainaren 5ean  binakako jardunaldi bat dago eta bertan izango dira. Beraz, hondartzan ere entrenatuko beharko dugu".