Lasarte-Oriako pilotariek aurpegia eta gurutzea jasan dute lehiaketa ezberdinetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko maiatzaren 17a

Lasarte-Oriako pilotariek hitzordu garrantzitsuak izan zituzten asteburuan. Batetik Herriarteko Eskuzko Txapelketako kanporaketa jokatu zuten Azpeitiaren aurka; bestetik, lau eta erdiko txapelketako azken jardunaldia. Herriarteko txapelketan final laurdenetara sailkatzea zail badago ere, lau eta erdikoan hiru pilotarik egingo dute aurrera, Gipuzkoako zein Ekialdeko txapelketako finalak lehiatzeko.

Herriarteko Eskuzko txapelketa Michelingo kirol guneko pilotalekura itzuli zen maitzaren 14an. Lasarte-Oria eta Azpeitiaren arteko lehia izan zen. Hiru neurketa izan ziren eta Azpeitia izan zen nagusi guztietan; 0-3 irabazi zuen.

Kadete bikoteek eman zioten hasiera jaialdiari. Herriko ordezkariek espero bezala, aurkariaren bikoteak hasieratik bere maila erakutsi zuen eta erraz gailendu zen. Lasarte-Oriako bikotea osatzen zuten Beñat Olazabalek eta Xuban Urdalletak tantoak borrokatzen saiatu ziren arren, sei tanto besterik ez zituzten lortu.

Arratsaldeko bigarren neurketa jubenil mailakoa izan zen.  Azpeitiako bikoteak 8-22 garaitu zuen Haritza Diaz de Gereñuk eta Peru Urdanpilletak osatutako bikotea. Solanoren hitzetan, presioak gainditu zituen herriko pilotariak. "Lehen urteko jubenilak dira. Bikotekako txapelketan lan ona egin zuten eta tanto gehiago egitea espero genuen", onartu du.

Senior mailan, borroka gehiago izan zen. Jon Pello Artetxe eta Mikel Elola ederki jokatu ziren.  Partida luzea eta gogorra izan zen eta tanto ikusgarriak ere izan ziren. "Artetxek tanto ederrak egin zituen", nabarmendu du Solanok.

Markagailuan parekatuak joan ziren bi bikoteak. Alabaina, herriko bikoteak ezin izan zion aurkariak ezarritako erritmoari eutsi eta Azpeitiak eraman zuen puntua, 10-22.

Emaitzak aldeko izan ez arren, Lasarte-Oriako ordezkarika pozik daude egindako lanarekin. "Nagusi izan ziren, baina gu ere gure ongi lehiatu ginen", adierazi du Lasarte-Oriako arduradunak.

Lau eta erdian aurrera

Herriartekoan zorterik izan ez bazen, lau eta erdiko azken jardunaldian fin ibili ziren Intzako kideak; garaipenak erdietsi eta hurrengo faserako sailkatu dira 

Kadete 2. Mailako Beñat Olazabalek 22-11 irabazi zion Oiarpeko Heviari. Olazabalek ez du lehen fase honetan partidarik galdu eta bere multzoko lehen sailkatu da. Ondorioz, Gipuzkoako txapelketako final zortzirenak lehiatuko ditu maiatzaren 29an. 

Jubenil mailan ere, Peru Urdanpilletak aurrera egingo du Gipuzkoako txapelketan. Bere multzoko bigarren sailkatu da  Gaztelekuko Beroz 22-7 garaitu ostean. Serio jokatu zuen herriko pilotariak eta ez zion aurkariari aukerarik eman.

Haritza Diaz de Gereñuk eroso jokatu eta 22-11 irabazi zion Hernaniko Arabaolazari. Bere multzoko laugarren izan da eta Ekialdeko finalerako bidea egingo du pilotari gazteak.

Azkenik, Jon Pello Artetxe seniorrak ez zuen neurketarik jokatu. "Arazo fisikoekin dabil, ez zuen ezer jokoan eta neurketa ez jokatzea erabaki zuen. Herriartekoari eman nahi izan zion lehentasuna", jakitera eman du Solanok.