Kukuka eskolak II. Bideo Txapelketa antolatu du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 16a, 17:21
I. Bideo Txapelketako saridunak, kultur etxeko atarian, iazko apirilean.

Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolak II. Bideo Txapelketa antolatu duela ezagutarazi du. Edozein herritarrek parte har dezake, eta ikus-entzunezkoak ekitaldiak@kukuka.eus helbide elektronikora bidaltzeko azken eguna hilaren 31 izango da, asteartearekin. Gehienez hiru minutukoak izan behar dute grabazioek, eta formatu horizontalean eginak.

Iazko esperientzia arrakastatsua errepikatze aldera, Kukuka eskolak bideo txapelketa egingo du, bigarrenez. Lasarteoriatar guztiak animatu dituzte parte hartzera: "Berdin da adina, esperientzia, bakarrik grabatu edo lagunekin, mozorrotuta edo gabe, abesten, dantzatzen... Aprobetxatu aukera, eta izan artista! Hiru sari dituzue zain", nabarmendu dute arduradunek. 

Ikus-entzunezkoek ezingo dute hiru minutu baino luzeagoak izan, eta egileek formatu horizontalean grabatu beharko dituzte. Hilaren 31ra baino lehen bidali beharko dute sortutako materiala ekitaldiak@kukuka.eus helbide elektronikora. 

Hiru sari

Txapelketako lehen saria irabazten duenak, Avenida tabernan bapo bazkaltzeko lau menu poltsikoratzeaz gain, 50 euroko deskontua izango du 2022-2023 ikasturtean, Kukuka eskolan; bigarren bideo onenaren egileak ere 50 euroko deskontua izango du datorren kurtsorako izen ematea egiterakoan; eta hirugarrenak, aldiz, 25 eurokoa.

Antolatzaileek zehaztu dute parte hartzaile guztiek "oparitxo bat" jasoko dutela eta ikus-entzunezko guztiak Kukukaren webgunean zintzilikatuko dituztela.