Froilan Elespe herriko etxeak ateak zabaldu ditu

Maitane Aldanondo 2022ko mai. 14a, 16:21

Lasarte-Oriako PSE-EEk bere egoitza berria inauguratu du larunbat eguerdian alderdiko zenbait karguk eta jarraitzailek babestuta. 

"Ongietorriak Herriko Etxe honetara", hitz horiekin agurtu ditu Agustin Valdivia alkateak Lasarte-Oriako PSE-EEren egoitza berriaren inauguraziora bertaratu diren alderdikideak eta herritarrak. EAEko eta Gipuzkoako PSE-EEko aurpegi ezagunek lagunduta iritsi da gunera, eta talde argazkien ondoren, gonbidatuak lehen lerroan eseri dira eta bera atrilera joan da. 

Aurrez aurre izan ditu, besteak beste, Jesus Zaballos alkate ohia, Iñaki Mugica, Espainiako gobernuak EAEn duen ordezkari Denis Itxaso, Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Rafaela Romero, Idoia Mendia bigarren lehendakariordea edota Kultura, Gazteria eta Kirol foru diputatu Harkaitz Millan

Azaldu duenez, luzaroko nahia izan da "garai berrietara egokitutako" egoitza bat edukitzea, "herritar guztiei zabalik" dagoena. Beraien ideiak hedatzeko lekua izatea nahi dute, "garapenaren, berdintasunaren, justiziaten eta demokrazioaren gainekoak", baita babesgabeak defendatu eta askotariko pertsonak hartuko dituena ere. "Askatasun gune bat, finean". Era berean, herriaren alde lanean jarraitzeko gunea ere izango da.  

Valdiviaren esanetan, aldi berean, erronka handia eta abagunea da lokala; "esanahi berria" emateko aukera baita, eta kokaleku nahiz azpiegitura berriek lasarteoriatarrak erakartzea espero dute.

Eskerrak eman dizkie posible egin dutenei. Lehenik, militante sozialistei: "Merezi zenuten, asko jasan behar izan baituzue garai zailenetan". Iñaki Mugica idazkari orokorrari eguneroko lanarengatik eta "irteten ari garela dirudien bakardade eta isolatze garaiotan Lasarte-Oriako familia sozialista guztia elkarrekin mantendu duelako". Gipuzkoako eta EAEko aldekiko zenbait arduraduni ere emandako laguntza aitortu die, eta bere aurretik karguan izan diren bi alkate sozialistak gogoratu ditu: Ana Urchuegia "udalarekiko eta herritarrekiko konpromiso sozialaren gaztetako erreferentea. Udalerri bat sortu zuena dena egiteko zegoenean", eta Jesus Zaballos, "lapurtu ziguten alkatetza berreskuratu zuen eta dakidan guztia irakatsi zidan". 

Elesperi aitortza

"Harro diot: gaur inauguratzen dugu Froilan Elespe herriko etxea". Egoitza berri hau bere legatuaren parte dela nabarmendu du Valdiviak. "Bizitza kendu zizuten herri honetako jendearen alde borrokatzeagatik, babes gehien behar zutenen eskubideen alde borrokatzeagatik", eta senideei gogoratu die hura bueltatzerik ez badute ere,  bere memoriak ez dituela utziko.  "Pablo Iglesiasek esan bezala: 'Sozialistak ez dira hiltzen erein egiten dira'". 

Alkatearen ondoren, Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi Jose Ignacio Asensio, PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Andueza eta PSOEko antolaketa idazkari Santos Cedrian alderdiko ordezkarien txanda izan zen. 

Amaitzean, egoitza ateak zabaldu zituzten. Politikarietako batzuk barrura sartu ziren hura ikustera, herritarrak eta gainerako gonbidatuak, aldiz, tabernara joan ziren bertaratutakoentzat prestatutako mokatuak dastatzera.