Erraustegira martxa egin dute Okendotik abiatuta

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 14a, 15:18

Errausketaren Aurkako Mugumenduak deituta, 150 bat lagunek bat egin dute larunbat goizean Zubietako erraustegira egindako oinezko martxan. Abiatu aurretik, Usurbilgo Elektro Papo eletro txarangak orduerdiko saioa egin du Okendo plazan.

Deialdia 11:00etarako eginda zuten eta jendea biltzen joan zen plazan. Erdian prest zuten Elektro Papo elektro txarangako kideek beraien saioa egiteko. Bospasei abestiren ondoren, pankarta hartu eta abiatu dira herritarrak. Kale Nagusian barrena joan dira erraustegira bidean. Bideak klima aldaketa eta errausketaren aurkako oihuak egin dituzten eta biak lotzen zituzten afixak zeramatzaten zenbaitek. 

Aurtengo martxaren deialdian "Donostiako Erraustegiaz... zer ez digute esaten?" galderari erantzun nahi izan diote. Hondakinen arazoa ez konpontzeaz gain, "ingurumena kutsatu, bizidunon osasuna kaltetu eta klima aldaketa larriagotzen duten isuriak airera botatzen gain" Zubietatik kanpora barreiatzen ari dira hondakinen errakuntzak eragindako eskoriak eta beste errauts toxikoak.

Halaber, salatu dute Gipuzkoako eta EAEko agintariak zenbait "gauza ilun" ezkutatzen ari direla herritarrei:

  • Labeetan erretako hondakin tona bakoitzeko zenbat CO2  isurtzen duten airera, eta bertan sartutako guztiaren ia laurdena eskoria bezala ateratzen dutela eta Añorga, Lemoa eta Arriagorriagako porlan fabriketara. Tximinietako filtroetan biltzen diren errauts toxiko arriskutsuak, erretakoaren %3, berriz, Gaztelara eramaten dituzte. 
  • Bertan erretzen den gehiena, %65, birziklagarria da. 90.000 tona hondakin birziklagarri erre dituzte, hauetatik 60.000 tona organiko, zabor nahasietan Zubietara eramandakoak.
  • Gipuzkoako hiri hondakinen %87 birziklagarria izan arren, %55 bakarrik birziklatu zela. "Inbertsioak, benetako gaikako bilketa sistema eraginkorrak ezartzeko baliatu behar dira eta ez birziklagarriak diren baliodun hondakinak erretzeko labetzarren planta eraikitzen". 
  • Gipuzkoa oso urrun dago 2018ko Europako Hondakinen Zuzentarauak 2020rako zehatutako hondakinak %10 murrizteko helburutik. 2021ean, errefusa kopurua hazi egin da, Sasieta mankomunitatean salbu.
  • Gipuzkoako hainbat herritan bereizita jasotzen den hondakin organikoa alferrik galtzen dutela; eta organiko hondarra ez dutela konpostatzen, Nafarroako Artaxoako planta batera bidaltzen dute. 

Aipatu datu horiez gain, arazo teknikoak medio, apirilaren 26az geroztik erraustegiko bi labeak geldirik daudela ere azaldu dute. "Ez dakigu zein diren arazoak, zenbat denboran egongo den geldirik eta zer egiten ari diren zaborrekin. Hori ere baitute esaten". Hortaz, Gipuzkoako hondakinak kudeatzen dituztenek eta agintariek Ekonomia Zirkularra hitz egin arren, "herritarrei ezkutatu nahi diete" errealitatean sustatzen duten hondakinak kudeatzeko eredua "xahutzailea" dela, "energia eta diru publikoa alferrik galtzen dituela  eta herritarren osasuna kaltetzen duela".