Bi emakumezko aktore, noraezean

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 14a, 22:14

Khea Ziater konpainiak Winona & Grace antzezlanaren emanaldia egin du larunbat iluntzean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Bere tokia bilatu nahian dabiltzan bi emakumeren topaketa xelebrea du ardatz.

Ainhoa Artetxe eta Graciela Doriz dira Alex Gerendiagak idatzitako antzezlanaren protagonistak jokatzen dituzten aktoreak. Horretan bat datoz beren pertsonaiekin, akaso beste zenbait gauzetan ere, baina ziur asko ez istorioaren testuinguruan. 

Bi aktore gazte zuzendari ezagun baten etxean eskatuko dira, gauean parrandan ibili ondoren. Batek Goya saria irabazi berri du eta besteak pertsonaia hori jokatzeko probak egin zituen. Ez dute elkar ezagutzen, baina egoerak elkarrekin egotera behartuko ditu. Izan ere, giltzapetuta eta bakarrik utzi baitituzten apartamentuan. Aktore izatearen nahiaz eta hori lortzeaz hitz egingo dute, norbait izatearen beharraz.

Eszenario gaineko antzezpenak pantailan erakutsitako irudiekin uztartzen ditu, castingetan izandako elkarrizketak edo pertsonaien buruan bakarrik gertatzen diren zenbait gauza erakutsiz. 

Erlazionatuak

Khea Ziater - 'Winona & Grace'

Maitane Aldanondo 2022 mai 14 Kultura