Irizar E-Mobility enpresako grebalariei laguntzeko erresistentzia kutxa, bihar Okendo plazan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 13a, 16:49

Lasarte-Oriako Ernaik jakinarazi du bat egin duela eskualdeko gainerako taldeekin, eta parte hartuko duela Adunan dagoen Irizar E-Mobility enpresako grebalariei laguntzeko ekimenean. Erresistentzia kutxa jarriko dute bihar, Okendo plazan, 10:30etik aurrera, langile horiei ekonomikoki laguntzeko.

Enpresa horretako beharginak greba mugagabean daude apirilaren 25etik. Egunez egun aldarrikatzen ari direna da merezi duten enpresa ituna nahi dutela, "gutxieneko lan baldintza batzuk bermatuko dituena". 

Erresistentzia kutxarena ez da grebalarien aldeko egitasmo bakarra, izan ere, elkartasun jaialdia egingo dute bihar arratsaldean, Andoainen. 17:30ean manifestazioa egingo dute, eta, horren ostean, kaleetan barrena ibiliko da elektrotxaranga, 19:00etatik aurrera. Gauean, gaztetxean, kontzertu solidarioak emango dituzte hainbat musikarik: Little Martin Selektah, Juantxo Arakama, Irtera, Lamiak eta Dantzall Sound.