Udako jardueren izen ematea Buruntzaldea Kirola webgunetik egin ahalko da

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 13a, 15:05

Maiatzaren 16tik aurrera, Udal Kirol Zerbitzuak antolatutako udako jardueren izena ematea sarean egin ahalko da, igeriketa ikastaroak izan ezik

 

Udal Kirol Zerbitzuak jakitera eman duenez, hilaren 16tik aurrera uztailerako antolatu dituen haurrentzako eta helduentzako kirol jarduera eta ikastaroetan izen emateko aukera berria izango da, Buruntzaldea Kirola Webgunea

Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, zerbitzu hori mailaren araberako banaketarik ez duten ikastaroetarako bakarrik izango da erabilgarri. Ondorioz, ezingo da bide horretatik igeriketa ikastaroen inskripziorik egin.

Webgunean Lasarte-Oriako atalean dauden Pista erreserba eta Doako saioen aukerekin batera txertatu da Uda 2022 jarduerak atala. Bertan erabiltzailea eta pasahitza sartu eta jarduera aukeratzea besterik ez dute interesdunek. Erabiltzailerik ez duten herritarrek, Bazkideen gunean sartu eta erabiltzaile zein pasahitza sortzeko aukera izango dute orrialdean bertan.

Kirol Zerbitzuetatik ohartarazi dutenez, kirol jarduera eta ikastaroetan  izen emateko erabiltzen duten herritarrek, aldez aurretik ikastaroaren prezio osoa ordaindu beharko dute. Horretarako Euskal Administrazioaren Ordainketa-pasabidea erabiliko da eta bertan, VISA txartela edo Bizum bidez ordaintzeko aukera dago.