Azkar batean eztabaidatu dituzte gaiak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 14a, 10:02
Argazkiak: Txema Valles

2022. urteko zazpigarren udalbatzarra egin du udal korporazioak ostegun arratsaldean. Lau puntuko gai ordena eztabaidatu dute, eta saioa amaitu aurretik ireki dute galdera eta erreguen tartea. Ordu erdi pasatxoko iraupena izan du 

Miguel Angel Tolosa Avellinoren kargu hartzearekin ekin diote maiatzeko ohiko udalbatzarrari. Tania Rodriguez Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiko zinegotziaren kargu uztearen ondotik hartu du lekukoa, eta bera arituko da, David Aresekin batera zinegotzi lanetan aurrerantzean. ELOP alderdiak bidalitako ohar batean azaldu du 2004. urteaz geroztik bizi dela Lasarte-Orian, eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna zela, Bartzelonako Unibertsitatean. Gaur egun Politika eta Administrazio Zientzien ikasketak egiten ari da UNEDen. 2015ean hasi zen politikan parte hartzen eta Podemos Euskadiko finantza arduradun gisa, 2019ko autonomia eta udal kanpainetako hauteskunde administratzailea izan zen. Egun, Elkarrekin Podemoseko zinegotzi gisa, "herriaren alde lan egiteko eta 2023ko udal hauteskundeetarako hautagaitzarik onena bultzatzeko" helburuarekin ekin dio karguari.

Xabier Egea idazkariaren aurrean zin egin du zintzoki bateko dituela karguaren betebeharrak, eta Agustin Valdivia alkateak ongi etorria eman bitartean hartu du bere lekua. 

2022ko martxoaren 10ean eta 16an, apirilaren 7an eta 29an ospatutako udalbatzarren akten onarpena egin dute jarraian. Ez da inolako hitzartzerik egin, eta zuzenean eutsi diote hirugarren puntuari. 

Puntu horretan agertu dira lehenengo desadostasunak. Arau Subsidiarioetako Hirigintza Arauen IV. Tituluko 4.5 A2 artikuluaren aldaketa puntuala egitea eztabaidatu dute. PSE-EE, EAJ eta ELOP alderdiek aldaketaren alde bozkatu dute eta EH Bilduk, berriz, aurka. Bozketaren ostean alderdi hori izan da azalpena eman duena. Azpimarratu du aldaketa horrek Michelin II eta Teresategi eremuetan eraikiko dituzten merkatalgune handien beharrei erantzuten diela, eta bi proiektu horiekin desados dagoela alderdia: "Askotan adierazi dugu Lasarte-Oriak zituen lur industrial libreetan merkatalguneak eraikitzea Udal Gobernu honen akats estrategiko larria iruditzen zaigula herriaren garapen sozioekonimikoarentzat ". 

EAJ-PNV udal taldeak aurkeztutako mozioa landu dute laugarren puntuan; abandonatutako bizikletak erretiratzeko proposamena luzatu dute, eta honako bi eskaera egin:

  1. Egoera txarrean edo abandonatuta dauden bizikletak erretiratzea ahalbidetuko duen araudia sortzea, bai bizikletentzat prestatutako puntuetan, bai baimendu gabeko puntuetan.
  2. Erretiratutako bizikletekin zer egin aztertzea.

Aho batez onartu dute gaia eta bozka azalpena egin du EH Bilduk. Adierazi du mozioaren alde egin duela eskatzen diren puntuekin bat datorrelako, baina, iruditzen zaio, argudiaketak lotura zuzena duenik eskatzen denarekin: "Mozioaren argumentazioan bizikletaren erailera sustatzeaz ari zarete, baina ez zaigu iruditzen eskaerak arazoari errotik eusten dienik. Gauza bat da bizikleten erabilera sustatzea eta, bestea, abandonatutako bizikletak kentzea. Arazo estetiko bati soilik erantzuten dio mozioak". 

Saioa amaitu aurretik hainbat gai jarri dituzte mahai gainean; galdera eta erreguen tartean izan da. Horien artean udalak adineko egoitzarekin duen hitzarmenaz (EAJ-PNV), udaletxe berriko atarian dagoen "emozioen hormaz" (EAJ-PNV), udaleko langileen estabilizazio txostenaz (EAJ-PNV), Garaikoetxeako gimnasioko garbiketa maiztasunaz (EH Bildu), herritarrek eta herriko elkarteek erregistroan eskaerak egiteko dituzten zailtasunez (EH Bildu) eta kontsumo bonuen kanpainaren balorazioa egiteaz (EH Bildu) hitz egin dute, besteak beste. Udal Gobernuko kideek erantzun diete banan bana.

Udalbatzarra zuzenean jarraitzera joandako herritar batek ere hartu zuen hitza; lokal komertzialei irtenbide bat emateko proposamen bat luzatu zion udal korporazioari.