Kanporaketa zaila Herriarteko txapelketari hasiera emateko

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 12a, 14:30
Herriarteko txapelketa jokatuko duen taldea eta Jose Felix Solano prestatzailea.

Lasarte-Oriak Herriarteko txapelketan parte hartuko du. Maiatzaren 14an jokatuko du lehen kanporaketa, 16:15ean Michelin Kirol guneko pilotalekuan. Aurkari zaila du ordea, iazko txapeldun Azpeitia.

2015-2016 denboraldian jokatu zuen azkenekoz Lasarte-Oriak Herriarteko txapelketa. Jose Felix Solano Lasarte-Oriako arduradunak azaldu digunez, "aurten taldea osatzea lortu dugu.  Eta hemenik urte batzuetaraino ez dugu berriro aukera izango".

Prestatzaileak nabarmendu duenez, "pilota eskolatik datozen pilotariei bultzadatxo bat emateko balioko du lehiaketak. Jubenilek eta kadeteek ez dute inoiz herriarteko bat jolastu eta giroa ezagutu dezaten nahi dugu".

Taldea osatu

Lasarte-Oriako ordezkaritza Beñat Olazabal, Xuban Urdalleta eta Jokin Lizaso kadeteek, Haritza Diez de Gereñu eta Peru Urdanpilleta jubenilek eta Jon Pello Artetxe, Mikel Elola eta Haritz Urkia seniorrek osatuko dute.

Taldea osatzeko zailtasun txikiak izan dituela onartu du: "pilota utzita zuen Mikel Elola konbentzitu behar izan dugu taldearekin bat egiteko. Partidarako prest izango da ziur, baina ikusi beharko da nola moldatzen den".

Gainera, maila batzuetan ordezkorik ez izateak ere kezkak sortzen zizkiola adierazi du, "jubeniletan ez daukagu ordezkorik. Seniorretan, berriz, beharrez gero Xabier Arteaga edo Aritz Solano ere ditugu parte hartzeko prest. Baina ez dugu kanporaketa hau igarotzea espero".

Kanporaketa zaila

Tamalez Azpeitia izango du kanporaketan. Aurkaria iaz txapeldun izan zen eta txapelketa irabazteko aukerak dituen taldeetako bat da. "Zozketan ginenean eta Azpeitia egokitu zitzaigunean gainerako  herrietako ordezkariak marmarrean hasi ziren", adierazi du.

Solanoren ustetan Lasarte-Oria ere ez da talde txarra. "Beste herri batzuen aurka jokatuz gero, aukerak izan genitzakeen txapelketan aurrera egiteko," onartu du.

Alabaina talde sendoagoa du aurkariak. Beraz, kanporaketan aurrera egitea zail ikusten du herriko arduradunak.

Herriarteko lehiatuko duten jubenil eta senior mailako bikoteak entrenatzen.

Jardunaldi bikoitza 

Lau eta erdiko txapelketako jardunaldia ere izango dute jokalarietako batzuk. Horrek bi txapelketetan eragina izan dezakeela ere du buruan Lasarte-Oriako prestatzaileak.

"Olazabal, Diaz de Gereñu, Urdanpilleta eta Artetxe pilotariek ez dute atsedenik izango. Bi txapelketei aurre egin beharko diete eta ikusiko da nola erantzuten duten," aipatu du.

Etxean hasi
Lehen neurketak maiatzaren 14an, larunbatean, jokatuko dira Michelin kirol guneko pilotalekuan. Eta astebetera Azpeitian jokatuko dute bigarren  jardunaldia.

Partida duinak egitea espero du Solanok. "Jubeniletan eta seniorretan partida ona egin dezakegu. Hau da, tantoak borrokatu eta emaitza duinak eskuratzea. Kadeteetan zailago izango da. Partida bat irabaztea sekulakoa izango litzateke".

Taldeari indarrak emateko, zaletuen bultzada ere garrantzitsua dela azpimarratu du eta herritarrei pilotalekura joateko gonbidapena egiten die. 

Lau eta erdiko txapelketa

Bestalde, aipatu berri dugun lau eta erdiko txapelketan emaitza ezberdinak izan zituzten Intzako pilotariek maiatzaren 7an eta 8an.

Olazabalek lortu zuen garaipena kadete mailan. Eroso jokatu eta Hernaniko aurkaria 6-22 garaitu zuen. 

Jubeniletan, Tolosako aurkaria ez zen aurkeztu neurketara eta Diaz de Gereñuk ez zuen jolasterik izan. 

Urdanpilletak, berriz, partida zailari egin behar izan zion aurre. Oiarpeko ordezkariaren aurkako partida borrokatua izan zen. Baina 17na berdindu ostean, Oiartzungo pilotaria finago ibili zen eta 22-17 gailendu zen.

Seniorretan ere, Artetxek aurkari gogorra izan zuen, Gazteleku. Nahiz eta ederki borrokatu, 14-22 galdu zuen.