Hizkuntza politika eraginkorrik ez, elkarlanik gabe

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko mai. 12a, 16:03

Eskolak bakarrik ezin badu... Zer eta nola egin behar dugu udalerrian hobeto 16 urte bitartekoentzat hizkuntza politika egokia antolatzeko? galderari erantzuteko ideiak eta gakoak partekatzen ari dira XIV. Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketetan. Lehen saioak gaur egin dituzte, hilaren 12an, non eta Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan; bi urte eta gero, ohiko plaza berreskuratu du egitasmoak, eta nabaritu da horretarako gogoz zeudela antolatzaile eta partaideak, hitzaldiak hasi aurretik ugariak izan baitira besarkada, muxu eta irribarreak. Antolatzaileek ezagutarazi dute 270 lagunetik gorak eman dutela izena, tartean, Kataluniako 31 hizkuntza teknikarik. Pilar Kaltzada aurkezleak katalanez egin die ongi etorria.

Agustin Valdivia alkateak agurtu ditu aretora bertaratu ziren 150 bat lagunak eta lehen saioa sarean jarraitu dutenak. Azpimarratu du ez dela erronka makala 16 urte arteko gazteentzat "hizkuntza politika eraginkor bat" egitea; ate hori irekiko duen giltza "guztien arteko elkarlana" izango dela esan du, eta hori gauzatzen laguntzeko prest dagoela Lasarte-Oriako Udala. "Gogo biziz prestatu dugu aurtengo jardunaldia: begiak zabalik eta begiak erne, goza ezazue topaketaz".

Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara batzordeburu Jon Antxordokik hartu dute Valdiviaren lekukoa. Kaltzadaren galderak adi entzun, eta aurtengo Udaltopen gaiari heltzeko zenbait gako eman dituzte. Antxordoki: "Eskolarekin ez da nahikoa: gazteek euskaraz egin behar dituzte haien aisia orduak, gustura dauden orduak; zentzu horretan, Lasarte-Orian lanean ari gara hainbat eragilerekin, proiektu erakargarriak egiten". Norabide horretan, Olanok argi du "euskalgintzarekin elkarlana" dela bidea. "Orain arte egindakoa oso garrantzitsua izan da, ezbairik gabe, baina ez da nahikoa; aurrera begirakoa josteko, esperimentazioa da gakoa". 

Eusko Jaurlaritza; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak; Nafarroako Gobernua; Euskal Hirigune Elkargoa; eta Lasarte-Oriako Udala. Erakunde horiek antolatu dute XIV. Udaltop, eta lehen egunean idatzi bateratu bat plazaratu dute, aurkezleak irakurri duena. Adierazi zuten erronka dela "haur eta nerabeak euskal hiztun osatuak izateko baliabideak jartzea". Horretarako, uste dute mugarria dela "hizkuntza zein hezkuntza eragileen arteko lankidetza". 

Bi sail horien buru gisa jardun dira Bingen Zupiria eta Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzaren izenean. Aitortu dute badagokiela euskararen erabilera sustatzeko politikak garatzea. "Errealitate soziolinguistiko anitzak kontuan izan behar ditugu: gazteek euskararekiko dituzten pertzepzio, bizipen, gaitasun eta erabilerak askotarikoak direlako".

270 lagun baino gehiagok eman dute izena, tartean, Kataluniako 31 teknikarik

Nafarroa eta Ipar Euskal Herria

Jarraian, Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollok lurralde horren errealitatea partekatu du ikus-entzuleekin, eta etorkizuneko erronkak aletu: "Zeharkakotasuna, euskara arlo orotan sustatzeko; elkarlana, eskolan ikasitako euskara bertatik at erabiltzeko aukera emateko; eta eragileei laguntza gehiago ematea, euskarazko aisialdi aukerak ugaritzeko". 

Nafarroatik Ipar Euskal Herrira egin dute jauzi, ondoren. Seaskan eta Ikastolen Elkartean teknikari lanak egiten dituen Xan Airek hartu du hitza. Aipatu du, batez ere, bi esparrutan eragin behar dela, "ikastoletan eta plazetan". Azkenaldian erabilera neurketa ugari egin dituztela gehitu du: "Lehen Hezkuntzan baino gutxiago mintzatzen dira euskaraz DBHn; Batxilergoan, aldiz, igo egiten da berriro hiztunen portzentajea".

Atsedenaldiaren ostean, Euskal Herritik Kataluniara bidaiatu dute, Omnium Cultural eta Consell Escolar de Catalunya-ko ordezkari Marina Gay i Faura eta Jesus Vinyas i Cirera-ren eskutik. Goiza bukatzeko, Berritzegune Nagusiko eta Irungo Berritzeguneko Joseba Ibarretxe eta Aitor Biain jardun dira. 
Araeta jatetxean bapo bazkaldu, eta kutsu ez hain formala eman diote arratsaldeari, Egunean behin ez, baina urtean behin? ariketaren bidez.

Bigarren eta azken jardunaldia bihar egingo dute, hilak 13. Besteak beste, Soziolinguistika Klusterreko kide Pablo Suberbiola herritarrak hitz egingo du, gai honi buruz: Eskolaz kanpo, zer eta nola egin behar dugu hobeto, hiztun hobeak sortzeko?.