Lasarte-Oriako komertzioa ezagutarazteko, Udaberri Festa antolatu du Aterpeak

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 12a, 10:15
Aterpea Merkatari eta Ostalari elkarteko kideak eta Agustin Valdivia alkatea aurkezpenean.

Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak Udaberri Festa aurkeztu du asteazkenen eguerdian Lasarte-Oriako alkate Agustin Valdiviak lagunduta. Maiatzaren 16tik 28ra hainbat ekimen antolatu ditu elkarteak

2022 urteko lehen kanpaina, Udaberri Festak bi ardatz nagusi izango ditu elkarteko lehendakari Miguel Angel Prietol azaldu modura.

Lehena 2.000 euroko balioa duten erosketa-bonoen zozka da. Kanpaina iraun bitartean elkarteko hainbat komertzioetan erosketak egin eta parte hartze txartela betetzen duten herritarrek eskuratu ahalko dute saria. 

Bigarren ekimena haurren marrazki erakusketa da. Aurten Herrien arteko elkartasuna izan da gaia eta Sasoeta-Zumaburu zein Landaberriko Lehen Hezkuntzako 696 ikaslek parte hartu dute ekimenean

Marrazkiak Aterpeako 46 dendetan banatuko dira. Maiatzaren 16tik 20ra haur bakoitzak bere lana bilatu eta oroigarri bat jasoko du hori aurkitzean.

"Haurrek eta gurasoek gure herrian dauden komertzioak ezagutzeko beste era bat da," azaldu du Aterpeako arduradunak. 

Era berean, eskerrak eman dizkie ikastetxeei, zuzendariei eta irakaslei eeskainitako laguntzarengatik.

Ramon Ormazabal Aterpeako kideak ere hartu du hitza eta gazteek marrazkietan egindako lana nabarmendu du. "Zorigaiztoko errealitatean oinarritutako gaia izan da aurtengoa. Hala ere, gazteek gai ugari landu dituzte: Ukrainako gerra, Saharako arazoa, gudatan dauden beste herrien egoera, ingurumenaren arazoa... Marrazkietan erakutsi nahi izan duten elkartasun hori, euren bizitzako gainerako gauzetan ere isla izatea espero dugu."
Eta herritarrak gonbidatu ditu erakusketa ikustera: "Ibilbidea egin eta marrazki ezberdinak ikustea merezi du". 

Beste ekitaldiak

Horiez gain, beste ekitaldi berezi batzuk ere izango dira maiatzaren 27an eta 28an kanpainari era ezin hobean amaiera emateko.

Maiatzaren 27an, egun osoan zehar, eskaintza bereziak izango dira Aterpeako bazkideen establezimentuetan. Hala nola, arratsaldean Buenetxea kafe tabernan patata minak eta garagardoa eskatzen duten herritarrek bost euro ordainduko dituzte.

Arratsaldean, berriz, haurrei zuzendutako lau tailer eskainiko dira. Ormazabal loradendan landareak nola landatu ikasiko dute; Ola enmarcación dendan mural bat egingo dute haur eta gaztetxoen marrazkiekin; Nahio Arropa dendan poltsa bat apainduko dute eta Dulce Tentación dendan, berriz, paperezko panpinak egingo dira.

Musikak ere izango du bere tartea. DJ baten zuzenezko saioaz gozatu ahalko da Nahio arropa dendan, 17:00etan eta 19:00etan, Arkupe tabernako inguruetan dauden herritarrek rock kontzertuaz gozatu ahalko dute. 

Azkenik larunbatean, maiatzaren 28an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Tren txu-txu batek herriko kaleak zeharkatuko ditu. Okendo plazan izango du geltokia.

Aurkezpenari amaiera emateko, Aterpeak eskerrak eman dizkio Udalari eta Eusko Jaurlaritzako turismo eta Komertzio sailari Horrelako ekimenak antolatzeko eskaintzen duten laguntzarengatik.

Eta Agustin Valdivia alkateak, herritarrak gonbidatu ditu Udaberri Festako ekitaldietan parte hartzera: "Balio handia da herri batek komertzioa izatea. Horregatik, garrantzitsuak dira horrelako ekimena, herritarrek Lasarte-Oriako dendak ezagutu ditzaten".