Hondakinei buruzko ordenantzari ekarpenak egin diezazkiokete herritarrek, hilaren 27ra arte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko mai. 12a, 08:00

Udal korporazioak behin-behinean onartu du Etxeko eta merkataritzako hondakinen ordenantza. Erabaki hori behin betikoa izan aurretik, txostena jendaurrean jarri du, hamabost egunez, herritarren batek hala nahi badu erreklamazio edo iradokizunen bat jar diezaion. Hori egiteko azken eguna hilaren 27a izango da, ostirala. Dokumentua udalaren webgunean irakur daiteke, Herritarren Partaidetza atalean, esteka honetan.

Europatik datozen "prebentzio, murrizketa, berrerabilpen eta birziklatze xedeak betetzea" da ordenantza bat idatzi izanaren helburu nagusietako bat, udalak zehaztu duenez. Norabide horretan, onartu du herriko gaikako bilketa tasa ez dela iritsi "lortu nahi den mailara": gaur-gaurkoz %46aren bueltakoa da. Esate baterako, 2025erako hondakinen %55 birziklatu beharko direla esan du Europak; 2030erako, %60a; eta 2035erako, %65a. Xede horiek betetzeko, udalak uste du "ezinbestekoak" direla "herritarren parte hartzea eta inplikazioa", eta ordenantza idatzi dela "ingurumenaren arloan anbizio handiz ezarritako helburu berriak betetzeko, klima aldaketaren aurka borrokatzeko eta osasun publikoko politikak betetzeko".